Imanol Terán: «Adimen artifizialaren mugimenduaren indarguneetako bat zera da, zeharkakoa dela eta guztiari aplikatzen zaiola»

  • Imanol Terán: «Adimen artifizialaren mugimenduaren indarguneetako bat zera da, zeharkakoa dela eta guztiari aplikatzen zaiola»

Adimen artifiziala aldaketa handiak eragiten ari da gizartean, oso azkar. Baina, badakigu zer den AA, zein diren bere benetako aplikazioak eta nola eragiten dien sormen-prozesuei eta jabetza intelektualaren eskubideei? Ezagutzen ditugu kultura- eta sormen-industrietan sor ditzakeen aukerak eta arriskuak? Jabetzen gara haren erabileraren inplikazio etikoez? Galdera horiei eta beste batzuei erantzuteko, Imanol Terán aholkulariarengana jo dugu, estrategia digitalean eta teknologia berrien prestakuntzan aditua. Honako hau azaldu digu.


Has gaitezen hasieratik. Zer da, zehatz-mehatz, adimen artifiziala?

Funtsean, zeregin kognitiboak gizakion antzera egingo dituzten sistemak sortzea helburu duten teknologien multzoaz ari gara hizketan.


Guztiok entzun dugu, adibidez, ChatGPT delakoari buruz, nahiz eta gutako askok oraindik ere ez dugun ulertzen bere benetako aplikazioa. Joan den ekainaren 23an, Basquerville jaialdian, Gasteizen, tailer bat eman zenuen adimen artifizialarekin lotutako zenbait tresnari buruz. Zeintzuk ezagutu beharko genituzke? Zer egiten dute zehazki?

Azken finean, egunero ari dira ateratzen tresna berriak. Askotan, antzeko gauzak egiten dituzte; beraz, testuinguru horretan, erabiltzaile arruntarentzat zaila da jakitea zer tresna aukeratu behar duen.

Ondorioz, nik tresnen atzeko teknologiak azpimarratzen ditut. Hortxe dago koska, eta, gaur egun, lau arlo handi eta aurreratu ditugu: testuak (sorkuntza, laburpenak, itzulpena, analisia...); irudi eta bideoen sorkuntza; transkripzioak; eta ahots sintetikoak/lokuzioak.

Tresnaren bat azpimarratu beharko banu, hauek izango lirateke: testuetan, ChatGPT; irudietan, Midjourney; transkripzioetan, Whisper; eta, ahots sintetikoetan, Elevenlabs.

Edonola ere, garrantzitsua da jakitea teknologia horiek txertatuta egongo direla egunero erabiltzen ditugun tresna guztietan. Hori gertatuko da, ezinbestean.

 

Sorkuntzari dagokionez, nola eragiten diete tresna horiek sormen-prozesuei?

AA sortzailearen tresnak eragin handia izaten ari dira sormen-prozesuetan. Adibidez, AA lagungarria izan daiteke sormen-prozesuaren zenbait alderdi automatizatu eta bizkortzeko, besteak beste ideien, irudien eta testuen sorkuntza. Ondorioz, sorkuntza efizienteagoa izango da. Hala ere, kontuan hartu behar da AA tresna bat dela, eta ezin duela (oraindik) guztiz ordezkatu gizakion sormena. Beraz, ikuspegi artistikoa eta jatorrizko ideiak gureak izango dira oraindik. Garrantzitsua da orekari eustea eta ez egotea AAren mende. Pertsonok gidatu behar dugu sormen-prozesua, eta AA erabili behar dugu modu baliagarrian; bestela, originaltasuna gal dezakegu. Etikarekin, autoretzarekin eta plagioarekin lotutako alderdiak ere jorratu behar dira, AAk eduki gehiago sortzen dituen heinean. Oro har, zuzen erabiliz gero, AA sortzaileak sormen-aukerak zabal ditzake, eta arte nahiz eduki berriak sortzeko aukera eman. Baina gizakiok gidatu behar dugu prozesua, kontu handiz.


Pertsona askok aukera gisa ikusten duten hori, beste askorentzat, bereziki profil profesional batzuentzat, lanari eragin diezaiokeen arrisku handia da. Zer onura eta arrisku azpimarratuko zenituzke?

Onura nagusia produktibitatea da. Tresna horiei esker, askoz ere produktiboagoak gara. Denbora aurrezten laguntzen digute, eta, gainera, bestela lortuko ez genituzkeen gauzak lortzeko aukera ematen digute.

Nire ustez, arriskurik handiena da tresna horiek erabiltzea inolako ezagutzarik gabe, jakin gabe zer diren eta zer ez, zertarako balio duten eta zertarako ez.

Halaber, garrantzitsua da "haluzinazioa" eta antzeko kontzeptuak ezagutzea: hau da, eredu horiek ez dutenean informazio nahikoa gai bati buruz, asmatu egiten dute, zuzenean.

Horrez gain, funtsezkoa da teknologia modu arduratsuan erabiltzea, egoera zentzugabeak ekiditeko, adibidez adimen artifizialek mezu elektronikoak trukatzea guk horiek irakurri edo idatzi gabe. Surrealista dirudi, baina gerta daiteke.


Nola ikusten dituzu kultura- eta sormen-industriak aukera eta arrisku horien aurrean?

Uste dut denetarik dagoela. Alde batetik, batzuek gorroto dute AArekin lotura duen oro: mehatxu gisa ikusten dute, eta tresna horiek gaitzesten dituzte, erabiltzen ikasi eta probetxua atera ordez. Bestalde, beste batzuek geroz eta lan gutxiago egiteko aukera gisa ikusten dute: AAk nire lana egiten badu, zergatik egingo dut nik? Uste dut ikuspegi hori okerra eta arriskutsua dela; izan ere, ezin dugu inola ere galdu benetakotasuna eta bereizten gaituena, bereziki sormenaren moduko arlo bereizgarri batean. Azkenik, beste batzuek produktiboagoak izateko aukera gisa ikusten dute. Pertsona horiek, dagoeneko, probatzen ari dira AA sortzailearen tresna horiek, prestakuntza eta informazioa ari dira jasotzen eta ikasten ari dira tresnak haien sormen-prozesuetan txertatzen. Nire iritziz, hori da ikuspegi zuzena, eta ez soilik sormenarekin lotuta, baizik eta baita beste edozein arlorekin ere.


Alberto Granados Microsoft España erakundeko presidentearen moduan, beste batzuek ere uste dute "adimen artifizialaren esku-frenoak gizakion esku egon behar duela", eta gizakiontzat, ordezko bat baino gehiago, laguntzaile bat izan behar duela. Zer iruditzen zaizu?

Guztiz ados nago adierazpen horrekin. Are gehiago, urte honetan egon naizen ekitaldi guztietan azpimarratu dut ideia hori. AAk lan-profil jakin batzuk ordezkatuko dituela? Noski baietz, garrantzi horretako aurrerapen teknologiko ororekin gertatu izan den moduan. Hala ere, oro har, teknologia hori laguntzera dator. Nik ere etengabe ondoan duzun laguntzaile moduan ikusten dut. Denetarik daki, azkar erantzuten du, ez da nekatzen, ez du kexarik... Maila eragilean, abantaila gehiago ditu desabantailak baino.


Adimen artifizialaren garapenak aldaketa sakonak dakartza, ez soilik teknologikoak, baizik eta baita etiko eta filosofikoak ere. Aldaketa horiei buruz mintzatu ziren "IA DENA: adimen artifiziala sorkuntzan" jardunaldian, joan den ekainaren 17an, Azpeitian. Dakigunez, une honetan, EB lantzen ari da Adimen Artifizialaren Lege berria, eta, mundu-mailan, AAri buruzko lehen lege integrala izango da. Nahikoa izango dela uste duzu?

Egia esateko, ez dut uste. Nahiz eta maila eragilean abantaila gehiago ikusten ditudan desabantailak baino, etika, moralitate eta pribatutasunaren arloan planteatzen diren erronkak ez dira txikiak. Kasu batzuetan, plano filosofikoa ere uki dezakegu.

Aurrerapauso handia da gai horri buruzko legeak sortzea; izan ere, prozesua oso azkar ari da gertatzen, eta zaila da egokitzea eta konpromiso guztiak aurreikustea. Zoritxarrez, lege horiek onesten ditugunerako, erronka berri gehiago izango ditugu aurrean. Badakigu teknologiak eta legeen munduak oso abiadura desberdinak dituztela.


Duela gutxi, proiektu berritzaile bat ezagutu dugu ikus-entzunezko arloan. Nafarroako Dr. Platypus & Ms. Wombat estudioak "Emotional Films" garatu du, ikus-entzunezko formatu berri bat; gai da istorioa zuzenean eboluzionatzeko, ikuslearen emozioen arabera, adimen artifizialari esker. Zer aplikazio izan ditzake AAk kulturan?

Eduki berriak sortu eta daudenak egokitu ahal izango dira, gure gustu pertsonaletan, kontsumo-historian, aldartean eta garun-inpultsoetan oinarrituta.

Erabiltzailearena ez den beste ikuspuntu batetik, beste arlo batzuetan gertatzen den moduan, honako hauez mintza gaitezke: joerak hautematea, esperientzia interaktiboak sortzea, itzulpengintza eta interpretazioa, irisgarritasuna, kultura zaintzea... Egia esan, AAren mugimenduaren indarguneetako bat zera da, zeharkakoa dela eta guztiari aplikatzen zaiola; gure egunerokotasunean integratu eta bere potentzialaz jabetu ahala, erabilera-kasu berriak bururatuko zaizkigu.


Aurrekoarekin lotuta, eztabaida sortzen ari den eta hitzaldian jorratu zenuen gaietako bat jabetza intelektualaren eskubideena da. Zure ustez, zeintzuk dira kontuan hartu behar diren gakoak?

Sormenari buruzko eztabaida sortzen da hemen. Nola izango dira nireak nik egin ez dudan zerbaiten eskubideak? Tira, egia esan, argazkilari batek ez du bere kabuz ateratzen argazki bat, eta idazle batek ez du esku soilekin idazten, baizik eta boligrafo edo ordenagailu batekin. Beraz, zergatik izango da desberdina AArekin? Ez al da beste tresna bat? Nik ikuspegi horren alde egiten dut: hala ere, une honetan, gai askotan zalantza gehiago ditut ziurtasunak baino.

Oraingoz, prestatzen ari diren lege berriek zer dioten ikusi beharko dugu. Bitartean, erabiltzen ditugun tresnetako bakoitzaren arau zehatzak errespetatu beharko ditugu.


Pixkanaka, ikusten ari gara zertarako gai diren tresna horiek, baina, jabetu gara denbora laburrean gertatzen ari den aldaketa sakonaz? Zer erronka ditu aurrean AAk? Zure ustez, zein izango dira etorkizuneko arlo eta aplikazioak?

Oro har, uste dut gizartea ez dela jabetu gertatzen ari denaz eta gertatuko denaz. Hilabete batzuen buruan, pertsona askok, jakin gabe, teknologia horiek erabiliko dituzte.

Nire ustez, erronka nagusiak ez daude lotuta alde teknikoarekin; uste dut hori oso garbi dagoela, eta falta dena laster gertatuko da. Gizarte gisa, zenbait kontu konplexu izango ditugu aurrean, eta ados jarri beharko gara gai zailetan. Hildako senide batekin "hitz egingo" dugu? Hori egin ahal izango da, eta orain ere egin daiteke, baina ona da gizakiontzat? Hori ahalbidetu behar dugu? Ikusten duzuenez, orain arte planteatu ez ditugun dilemak izango ditugu aurrean. Eta ez da erraza izango.

Gainontzean, uste dut bi arlok potentzial handia dutela: informazio-bolumen handiak aztertzeko arloak eta datu-multzo espezifikoetan sistema propio eta entrenatuak sortzeko arloak.


(2023ko uztailaren 26an argitaratutako Berezia)