Kirmen Uribe: «Euskara garaiz heldu da azken iraultza teknologikora»
Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) nazioartean oihartzun handiena lortu duen euskal idazleetako bat da, zalantzarik gabe. Bere literatura lanak eleberriak (Bilbao-New York-Bilbao, Mussche, Elkarrekin esnatzeko ordua, Izurdeen aurreko bizitza), poema liburuak eta prosaren bolumenak ditu. Hainbat hizkuntzatan saritua eta itzulia, Campusa aldizkariak elkarrizketatu egin du, egun hauetan Miramar Jauregian egiten den ‘Tradizioaren traizioaz?’ udako ikastaroan parte hartu duelako.
Ba al dago dialektika baikor edo ezkorrik orainaren eta tradizioaren artean? Gure kulturaren tradizioari begira, noiz dago traizioa eta noiz dago fideltasuna?
Tradizioak zure komunitatearen iragana eta izaeraren berri ematen dizu. Nik garrantzia handia ematen diot tradizioari eta gustatzen zait iraganera begiratua botatzea. Gure tradizioa jarraikorra bai, baina garai askotan hautsia eta estalia ere izan da. Balada zaharretan konturatzen bagara, zenbait kasutan zatiak baino ez zaizkigu iritsi, bertso-lerroak, esaldiak. Gainontzekoa galdu egin da. Horrek hutsune baten berri ematen dizu. Gure tradizioa ez da hegemonikoen modukoa. Baina beste alde batetik uzten dizu imajinatzen nolakoa izango zitekeen. Olga Tokarzcuk idazleak esan izan du bere liburuak hautsiak direla Poloniaren historia hautsia delako. Guk ere tradizio hautsi bat dugu, intermitentea, ez osatua. Eta hortik sortu behar dugu. Forma berriak proposatu munduari. Ezin dugu hegemonikoen moduan idatzi.
Zure ponentziaren izenburua "Berrikuntzaren eta digitalizazioaren eragina euskal kulturaren eta nortasunaren bilakaeran" da. Zer esanahi, zein asmo ditu esku-hartze horrek?
Bertsotan gaia jartzen den bezala, izenburu hori proposatu egin zidaten hortik tira egiteko. Eta nik onartu, bertsolariek bezala. Zehatzagoa izanda, nik hitz egingo dut "XXI. mendea euskaratik" ideiaren inguruan. Garai zailak dira hauek, aldakorrak, oldarkorrak, baina badago eskubide zibilei lotutako mugimendu handi bat ere mundu mailan. Euskararen komunitatea hor sartzen da. Gero eta sentsibilizazio handiagoa dago hizkuntzen dibertsitatearen ideiarekin, planeta bizi, justu eta osasuntsu baten ideiarekin lotuta. Guk hor kokatu behar dugu.


