"aHUTSAK HARTUa" aurkeztu dute, Xabier Erkiziaren eta Maialen Lujanbioren soinu proiektua
(ARGAZKIA: Ezkerretatik hasita, honako hauek dira argazkian ageri direnak: Miguel Zugaza, Arte Ederren Bilboko Museoaren Zuzendaria; Koldo Bilbao, BBKren Kultura Arloko arduraduna; Maialen Lujanbio, bertsolaria eta idazlea; Xabier Erkizia, soinu-artista, ikertzaile independentea, komisarioa eta ekoizlea; eta César Ochoa, Hezkuntza Saileko teknikaria. ITURRIA: Arte Ederren Bilboko Museoa)
aHUTSAK HARTUa proiektua (hutsunea hartu eta hautsak estalia esanahien batura) Xabier Erkizia soinu-artistak eta Maialen Lujanbio bertsolari eta idazleak, Arte Ederren Bilboko Museoarekin batera, gure garaikidetasunaren une oso zehatz batean sortutako proposamena da: pandemiaren ondoriozko 2020ko konfinamendu kolektiboa. Abiapuntu bitxi hori hiru urtez zabaldu eta garatu zen, museoaren historiako beste egoera berezi batekin bat egin arte, gaur egun egiten ari den handitze-lanarekin.
Bi salbuespen horiek, beraz, egoera berriak eragin dituzte: museoko espazioak aldi baterako “hustea”: bisitaririk ez izatea, lehenengo kasuan, eta artelanak lekuz aldatzea, bigarrenean.
Bi gertaerek sortutako soinu-paisaia –horien soinuak, ahotsak, oihartzunak eta isiltasunak– azken hiru urteetan entzun eta erregistratu dute Erkiziak eta Lujanbiok erakundearekiko elkarrekintzaren erregistro immaterial berezi hori formulatzeko, "museoa bizitoki duen airearena eta hautsarena". Museoaren erretratu sentsorialak honako hauek biltzen ditu: urratsak, presentziak, erreberberazioak, makinen eta pertsonen soinu-aztarna, burdinazko eskulturen grabazio bibrazionalak, fenomeno ultrasonikoak, isiluneak...
30 ordu baino gehiagoko audio-grabazioko lan batetik abiatuta –airekoa, infragorria eta ultrasoinua, frekuentzia elektromagnetikoak, bibrazio-fenomenoak eta espazioen oihartzunen artxiboa…–, aHUTSAK HARTUa-k museoaren espazioarekiko topaketa-esperientzia sentsoriala proposatzen du, eta haren soinu-auraren memoria bat, azkenerako hainbat formatu eta euskarritan egokitutakoa.
Emaitzak hitzen, soinuen eta irudien ingurunea sortzen du, Erkiziak eta Lujanbiok elkarrekin lotutako lau elementu dituen soinu-ekosistema batean artikulatua:
- Argitalpena
- Soinu-instalazioa (2023-06-26 / 2023-12-31)
- Performancea
- Mikrositea
"Zaratak isiltasuna sortzen du, eta hautsak are gehiago husten du hutsa. Baina hautsa, halaber, hila dirudien horretan ere mugimendua dagoela erakusten duen lekuko zolia da.
2020ko udaberrian, artean ere konfinamendu betean, hutsik zegoenaren hauts-hondarren artean bila hasi ginen. Arte Ederren Bilboko Museoak gordetzen duen hautsa entzuten saiatu ginen: hauts sonikoa eta hauts fisikoa. Eta horiekin batera, beste ezpurutasun metaforiko batzuk, askotan garrantzi handikoak museoaren egunerokoan, baina bisitarien begiradari ezkutatzen zaizkienak. Harrezkeroztik, hainbat ahots, soinu eta irudi bildu ditugu museoaren zein museoa aterpetzen duen eraikinaren barneko bizitzari buruz, eta haren katalogazio-sistemen arabera sailkatu, ordenatu eta editatu ditugu.
Hautsa tokietara egokitzen den bezala, zabaldu eta biderkatu egiten den proiektua da hau".
Xabier Erkizia / Maialen Lujanbio
Ezagutu proiektua: https://ahutsakhartua.bilbaomuseoa.eus/


