35 konpainiak eta artistak hartuko dituzte Gasteizko kaleak gaur arratsaldetik aurrera KaldeArteren XVII. edizioan
Kaleko Arteen Erakustaldiak publiko guztientzako 71 emanaldi aurkeztuko ditu igandera bitarte
Gaur, osteguna, hasiko da Gasteizko Kaleko Arteen Erakustaldiaren, KaldeArteren, 17. edizioa eta igandera arte iraungo du Montehermoso Kulturunean gaur goizean egindako prentsaurrekoan Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotziak gogorarazi duen moduan. “Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiak antzerkia, dantza, musika, zirkua eta umore ugari bateratzen dituen egitarau oparoa proposatzen du”, nabarmendu du zinegotziak.
Prentsaurrekoan izan dira hiriko uda kulturalari hasiera ematen dion jaialdian haien ikuskizunak aurkeztuko dituzten 35 konpainia eta artistetako lau ordezkari.
Orain Bi konpainiak orekak, porteak eta akrobaziak jasotzen ditu publiko guztientzat ‘Mute’ ikuskizunean. Euskadiko ikuskizun onenari emandako saria eskuratu zuen 2022an Leioan egindako Umore Azokan. Gaur, osteguna, 19:00etan, San Kristobal auzoan, Carnicería Etxaberen laguntzarekin eta bihar, ostirala, ordu berean Arka plazan.
Bestalde, PIA Portugalgo konpainiak ‘Passagem’ proposamena azaldu du. Toki komunak arakatzen eta sentsazio eta sentimendu ugari eragiten dituen instalazio poetikoa da. Florida parkean egongo da ikusgai ostiral eta larunbat osoan, eta ostiralean, hilaren 9an, 18:30ean eta 21:30ean, eta larunbatean, ekainaren 10ean, 12:30ean eta 21:30ean, aktoreekin lau performance egingo dituzte.
Musikaren ibilbidean zirku-karpa bat eta Kataluniako PAU PALAUS konpainiaren kamioi zahar bat egongo dira. Hain zuzen ere, Estatu mailako zirku garaikideko clown ezagunenetako bat da hori. ‘Zloty’ ikuskizuna, clownaren arteak, keinuen antzerkia eta zuzeneko musika (pianoarekin, ahotsarekin eta klarinetearekin) nahasten dituen proposamen poetiko eta boteretsua, eskainiko du. KaldeArtek Fira Tárregarekin batera ekoitzitako lana da. Ostiral eta larunbatean izango da, 22:30ean, eta tokiak mugatuta egongo dira. Gonbidapenak ordubete lehenago hasiko dira banatzen ikuskizunaren tokian.
Bestalde, prentsaurrekoan izan da Harrobia Dantza Bertikala euskal konpainia ere. Hark eskainiko du inaugurazio-ikuskizuna, ‘Dendu’, OREKA TXek zuzenean eskainitako musika biltzen duen dantza bertikaleko muntaketa-lan zoragarria. Janire Etxabe eta Harkaitz Mtz de San Vicente izan dira ikuskizunaren zuzendari artistikoak eta beren lurrean eta elementuetan inspiratutako mugimenduak koreografiatan islatzen saiatu dira, kontrasteekin jolasean. Ostiralean, hilaren 9an, eta larunbatean, 10ean, izango da, 23:00etan, Artiumen kanpoko plazan.
Dagoeneko sendotuta dagoen ekimen honi esker, hiriko kale eta plazek dar-dar egingo dute 71 ikuskizunekin. “Gasteiztarrak eta gure hiria bisitatzera etorri direnak KaldeArteren XVII. edizioarekin bat egitera gonbidatu nahi ditugu. Egitasmo horrek zuzeneko arte-proposamenik onenen balioa nabarmentzen du”, adierazi du zinegotziak.
Aldaketa egitarauan
Prentsaurrekoa amaitu aurretik, KaldeArte 2023ko egitarauan egindako aldaketa baten berri eman nahi izan du. Libertivore konpainaren ‘Hetre’ ikuskizunak, Florida parkean egitekoa zirenak, tokiz aldatu behar izan du arazo teknikoak direla eta. Larunbatean, hilaren 10ean, izango da, 11:30ean, eta igandean, hilaren 11n, 19:30ean, Frai Zacarias kaleko Elur-zuloa izeneko eremuan.


