Joan Mari Irigoien idazlea zendu da
Joan Mari Irigoien idazlea (Altza, Donostia, 1948) zendu da gaur. Gaztetan Ingeniaritza ikasle, Realeko bigarren taldean futbol-jokalari -Larrañaga eta Kortabarria lagun, besteak beste- eta irakasle zein euskara-zuzentzaile aritua, altzatarrak obra oparoa utzi du euskal literaturan, narratiban, poesian eta haur eta gazte literaturan.
Venezuelan bi urteko egonaldia egin eta gero (bere prosan Hego Amerikako errealismo magikoaren arrastoa dago), literaturari heldu zion Irigoienek 70eko hamarkada erdialdean, gogoz heldu ere: 1975ean "Hutsetik esperantzara" poesia liburua argitaratu zuen, eta handik urtebetera "Oilarraren promesa" eleberria.
Eleberrigile saiatua (urte luzez, lotura estua izan du Elkar argitaletxearekin), irakurria eta saritua izan da Irigoien (bi aldiz irabazi du Euskadi Literatura saria, "Udazkenaren balkoitik" eta "Babilonia" eleberriekin), eta "Oilarraren promesa"ren atzetik iritsi ziren "Poliedroaren hostoak", "Udazkenaren balkoitik", "Babilonia", "Lur bat haratago" mardula, "Consummatum est", "Kalamidadeen liburua" umorezko eleberria… Euskal literaturako eleberrigile erreferentzialetako bat izan da 74 urte zituela zendu berri den donostiarra.


