Emakumeek egindako zinema 12. Karabana aurkeztu dute

  • Emakumeek egindako zinema 12. Karabana aurkeztu dute

Hemen da, Kultura Communication eta Desarrollo KCD GGKEren eta Klaketa Araberen eskutik, Emakumeek egindako Zinema Karabanaren beste emanaldi bat, eta hamabigarrena izango da.

Emakume zinemagileak Bilbora iritsiko dira beren filmekin

Edizio honetan programatutako filmek nazioarteko hainbat jaialdiren aintzatespena edo sariak jaso dituzte.

Oraingoan, sei film interesgarri estreinatuko dira Bilbon: haietako bi dokumentalak dira, eta, beste lauak, ikusleei zenbait gai eta begirada berri eta estimulatzaileak erakutsiko dizkieten fikzioak. Nabarmendu beharra dago apirilean Bilbon egindako emakumeentzako partaidetzako bideo-lantegian parte hartu zuten ikasleek beren lana erakutsiko dutela Karabanaren lehen egunean.

Nazioarteko film-sorta honen bidez, Tamar emakume gaztearen historia ezagutu ahal izango dugu: Gazatik ihes egitea erabaki zuen, munduari erreklamatzeko palestinar herriari ematen ez zaion laguntza. Foragers dokumentalak umore ironikoa eta hausnarketa poetikoa baliatzen ditu ikus dezagun zer drama bizi duen komunitate palestinarrak, ezin baitu basaelikagairik bildu landan, Israelgo legeek eragotzi egiten dutelako. Lau fikzioek Sarajevora eramango gaituzte lehenengo; han hitzordu itsua izango dugu Asja eta Zoranekin, gerrak ez direla inoiz guztiz amaitzen erakutsiko digun pelikulako bikotearekin. Gero, Dominikar Errepublikara bidaiatuko dugu Natalia eta Oriolekin; bi zinemagile gazte dira, eta, bikote maiteminduak elkarrizketatzea erabaki dutelarik, beren harremana zalantzan jartzera eramango dituzten kontraesanak aurkituko dituzte bide horretan. Karine heroi berriarekin, garbitzaileek Frantzian duten lan-egoera ezagutuko dugu. Eta, amaitzeko, Nana ezagutuko dugu, 60ko hamarkadako Indonesiako landa-eremuan bizi den eta adin ertaineko krisian dagoen emakumea. Estetika eta soinu zirraragarriak dituen filma da.

Horrez gainera, hainbat emakume zuzendari Bilbon izango dira, beren lanak zuzenean aurkezteko. Aukera paregabea izango dute Karabanaren ikusleek, Bilboko Golem zinemetan.

Etorri, gozatu eta eman ezagutzera Emakumeek egindako Zinemaren 12. Karabana!

(Ikusi informazio osoa)


  • DataMaiatzak 15
  • Gaia Ikus-entzunezkoa