Estreinaldi ikusiena izan da "Irati", Prime Video plataforman ere
Oraindik Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko hainbat zinema aretotan ikus badaiteke ere -otsailaren 24an estreinatu zen-, Irati filma Prime Video plataforman ere aurki daiteke iragan ostiraletik aurrera. Bada, bertako lanik ikusiena izan da asteburuan.
Sitgesko Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldian aurkeztu eta saridun izan ostean, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean sari nagusia errepikatzen historiako lehen euskal zinemagilea bilakatu zen Paul Urkijo iragan urtean, bere proiektua Iratiko basoa bezain handi badela erakutsiz. Otsailaren 24an, azkenik, zinema aretoetara iritsi zen Irati filma, eta nola gainera.
Zuzendari arabarraren bigarren film luzeak euskal mitologia ardatz duen ekoizpen epikoa pantaila handian ikustera bultzatu ditu Hego Euskal Herriko ikus-entzuleak. 30 kopia izan ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta estreinaldi asteburuko film ikusiena bilakatu zen; guztira, 112 kopiarekin estreinatu zen espainiar lurraldean, erdiak baino gehiago euskarazko jatorrizko bertsioan, Handia-k (2017) ezarritako marka gaindituz. 131.308 ikusletik gora pilatu zituen, eta dagoeneko 150.000eko mugarria ere txiki utzi du. Oraindik ere, Hego Euskal Herriko hainbat zinema aretotan dago ikusgai, eta jaialdietan ere sendo ari da ibilbidea egiten.
Apirilan ospatu berri de Brussels International Fantastic Film Festival hitzorduaren 41. Edizioa izan du azkena, nazioarteko filmak lehian jarri dituen atalean. Hain zuzen, hilaren 16an pantailaratu zuten. Bada, zinema aretoetan ikusgai izateaz gain, gaurtik aurrera Amazonen Prime Video plataforman ere aurki daiteke filma. Jatorrizko bertsioan zein gazteleraz bikoiztuta ikus daiteke, beti ere, euskarazko, gaztelerazko, galizierako eta gaztelerako azpitutuluak txertatzeko aukerarekin.
Ikusi filma online, hemen.


