Mikel Onandiak eta Jone Uriarte: "Artistei ahotsa eman nahi izan diegu, beren lana egungo testuinguruan koka zezaten"

  • Mikel Onandiak eta Jone Uriarte:

Mikel Onandiak eta Jone Uriartek "Desmuntatzeak eta ornamentuak" bost euskal artista garaikideri egindako elkarrizketak euskaraz eta gaztelaniaz biltzen dituen liburua kaleratu dute.

Praktika artistikoa ugaria eta oparoa da Euskal Herrian; Mikel Onandiaren (Durango, 1983) eta Jone Alaitz Uriarteren (Arrasate, 1986) ustez, baina, sormen eta sortze lan horrek ez du parekorik, gure herriko artisten inguruko idatziez eta testu kritikoez ari garelarik.

Esan eta egin: bi komisariook (Onandia EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslea ere bada eta Uriartek Tabakalerako Arte Garaikidearen departamentuan lan egiten du, besteak beste) hitza eman diete, solasaldian berbagai izan dugun elkarrizketa liburuan, 1980eko hamarkadan jaiotako bost euskal artistari: Sahatsa JauregiOier IruretagoienaDamaris PanDaniel Llaría eta Nora Aurrekoetxea.

"Desmuntatzeak eta ornamentuak" lanak artista garaikideon iragan, orain eta geroari buruz hitz egiten du, beren lanari eta berorren baldinkizunei buruz, hala nola obra bera, noski, formazioa, eraginak, artearen funtzioa, sortze prozesua, erreferentziak, Euskal Herriko arte sistema, materialak, harreman sareak, merkatua, publikoa, profesionalizazioa…

Onandiarekin eta Uriarterekin hitz egin dugu, gehiago jakiteko.

Hasieratik abiatze aldera, zer dago izenburuko desmuntatze eta ornamentu kontzeptuen atzean?

Mikel: Esan dezakegu, oro har, postmodernitatearen oinarrietako bat aurreko errelato edo diskurtso kanonikoen desmuntatze ariketak direla. Artean, artistek dekonstrukzio formal eta kontzeptualak ere osatzen jardun dute 1980ko hamarkadatik hona. Horrek guztiak mintzaira ezberdinen arteko hibridazioa eta aniztasuna ekarri du, izan artista baten ibilbidean –teknika eta hizkuntza ezberdinak naturaltasunez jorratuz–, izan obra zehatzetan bertan, lehengai ezberdinen arteko konjuntzioaren bidez.

Era berean, azken urteotan aipatu praktika horiek areagotu egin dira, eta interes berezia jarri da bestelako auzietan, hala nola camp deritzonean, ere, zein ornamentuaren kontzeptuan. Modu ezberdinean bada ere, uste dugu liburuak biltzen dituen artistek, gehiago ala gutxiago, badutela zerbait horretatik.

Zergatik aukeratu dituzue zehazki Sahatsa Jauregi, Damaris Pan, Nora Aurrekoetxea, Oier Iruretagoiena eta Daniel Llaría? Zer dute komunean bost artistok eta zerk ezberdintzen ditu?

Jone: Esan daiteke proiektua bera egiteko abiapuntua artista horien lanaren gainean dugun interesa dela. Mikelen eta bion arteko elkarrizketetan, behin eta berriz ateratzen zitzaizkigun bost artista hauen izenak, besteak beste, bai bere ibilbide artistikoan nola praktikara hurbiltzeko eran puntu asko ikusten genizkielako komunean; uste genuen bere lan, kezka eta interesen bitartez, belaunaldi bereko hainbat artista egon zitezkeela islatuta.

Eskultore edo pintore baino gehiago, irudi-sortzailek dira bostak ala bostak, eta ideia jakin batetik abiatu baino gehiago, garrantzi handia ematen diote prozesuari, eta obran oso modu zintzoan integratzen dituzte prozesu horretan gerta daitezkeen akatsa, anekdota edo ezusteko gertaerak.

Ornamentua edo osagarria izan daitekeen hori erdigunean jartzeko joera ere badute, forma eta ornamentuaren arteko dikotomia irauliz. Gero, noski, artista bakoitzak bere unibertsoa du, eta, adibidez, materialen aukeraketan eta material horren trataeran badaude ezberdintasun nabariak.

Nola hurreratuko zenioke ezagutzen ez duenari bost artistetako bakoitzaren jarduna?

Mikel: Ezberdinak dira denak. Sahatsa Jauregik eskultura lantzen du batez ere, baina modu hedatuan ulertua batez ere, instalazio forman, eta teknoestetika kutsua ematen dio bere lanari, inguruko errealitatea eta batez ere kitsch delakoa erdigunean kokatuta.

Oier Iruretagoienak orotariko mintzairak lantzen ditu, izan soinua, izan eskultura; prozesu geldoko obra da berea, geruzaz geruza osatzen doana, sedimentazio bisual eta kontzeptual nabarmeneko lanak osatzeraino.

Bestalde, Damaris Pan pinturaren baitan mugitzen da, formaren eta kolorearen arteko tentsioekin jolasean, mintzaira piktorikoa bera abiapuntu harturik, berau zalantzan jartzeraino.

Dani Llaría instalazioan, pareta eta sabaitik eskegitzen diren lanekin, zein bideogintzan trebatzen da. Batez ere, giza gorputza eta horrek klase nortasunekin, botere harremanekin eta sexualitatearekin dituen harremanak aztertzen ditu.

Bukatzeko, Nora Aurrekoetxeak eskultura lantzen du batez ere, idazketarekin, performancearekin eta instalazioarekin batera, azken hori arkitekturarekin harremanetan, betiere intimitatea eta gizakion alderdi emozionala zentroan jarrita.

(Irakurri informazio osoa)

 

eitb.eus

  • DataMaiatzak 10
  • Gaia Literatura