Estibalitz Urresola: "Euskarak balio narratiboa du pelikulan"

  • Estibalitz Urresola:

Estibalitz Urresola Solaguren (Laudio, 1984) euskal zinemagilea da. Hamarkada bat baino gehiago ikus-entzunezkoetan lanean eman ondoren, eta genero eta formatu ugari zuzendu ondoren, Urresolak ikusmiran oinarritutako harreman-, ikaskuntza- eta eraldaketa-prozesu gisa ulertzen du ikus-entzunezkoa. Besteak beste, ‘Nor nori nork’ (2019), ‘Polvo Somos’ (2020) eta ‘Cuerdas’ (2021)  filmen egilea da, eta bere azken lana, ‘20.000 erle espezie’ (2023), arrakasta handia izaten ari da, nazioarteko hainbat jaialdietan eta zinema aretoetan.

Euskal Herrian girotuta, ´20.000 erle espezie´ filma, Cocoren (Sofia Otero) historia kontatzen du. Filmak genero-nortasunaren gaia, transexualitatea haurtzaroan eta familiaren eta gizartearen egituren aniztasuna jorratzen ditu, besteak beste.

Mugarri bat izan zen euskal zinemarentzat Urrsolaren lan hau Berlineko Berlinale nazioarteko zinema jaialdian estreinatu izana. Berlinaleko Sail Ofizialean lehiatu den lehenengo euskal filma izan da. Bertan, Sofia Oterok Interpretazio onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen. Ondoren ere, hainbat sari eskuratu ditu, hala nola, Malagako Jaialdiko Urrezko Biznaga.  

Estibalitz Urresolarekin hitz egin dugu bere azken lanaz, zinea euskaraz egitearen inguruan eta euskal zinemaren nazioartekotzeaz.

Atzera eginez, ’20.000 erle espezie’ filmak Berlinen izan zuen publikoarekin lehenengo kontaktua eta bertan, arrakasta handia izan zuen. Nolakoa izan zen Berlinen bizitakoa?

Berlinalen izandako esperientzia zoragarria izan zen, opari ederra. Inoiz ez genuen amestu sail ofizialen lehiatzearekin eta hautaketa bera gure saririk handiena izan zen. Aste hura izugarri polita izan zen. Prentsaren harrera oso ona izan zen, elkarrizketetan nabaritu zen pelikularen geruza asko kontuan hartu zituztela, eta maila zinematografikoan elkarrizketa politak egin genituen bertan.

Filmaren estreinaldiaren eguna nire bizitzako egunik unkigarrienetarikoa izan zen. Ez nuen espero horrelako publikoaren harrera, txalo zaparrada “bero beroa” bota zuten. Hori oso garrantzitsua izan zen, azken finean filmaren aurkezpenean oso zaurgarri egon zaitezke ziurgabetasunarengatik, ez jakiteagatik filmak zer nolako bidaia egingo duen eta ez dakizulako nola konektatuko duen printzipioz hain urrutikoa den audientziarekin. Publikoak pelikula nola arnasten zuen ikustea oso polita izan zen, batzuetan barre egiten zuten, beste une batzuetan arnas-estuka… Hori guztia aurrez aurre konprobatzeko aukera duzunean ulertzen duzu ez dagoela mugarik pertsonen artean, ez herrialde ezta kulturen artean ere, eta emozioak lengoaia unibertsala direla.

 Nolakoa izan da Sofia Oterorekin lan egitea?

Sofiarekin lan egitea plazer hutsa izan zen. Oso neska azkarra da eta unibertso emozional handia dauka. Gure lehenengo saiotik ikusi nuen komunikaziorako oso kanal garbia eta gardena geneukala eta oso erreza zitzaidala berarekin emozioez eta gai sakonez hitz egitea. Hau gainontzeko aktoreek nabarmendu duten zerbait izan da, oso erreza izan dela berarekin lan egitea eta maila handiko aktore bat izan dugu aurrean. Oso azkar barneratzen zituen indikazio tekniko eta artistikoak. Sofiak bederatzi urte zituen errodajean eta gainontzeko aktoreentzako bereziki erreza izan da berarekin lan egitea. Sofiak ekarpen handia egiten zion eszenari.

 Nola izan zen Luciaren pertsonaia sortzeko prozesua eta pertsonaiaren lanketa?

Sofiarekin lan egiteko modua berezia izan zen. Nik ez nion gidoia aldez aurretik eman nahi, izan ere, puntu batera arte berak zekarren freskotasuna bermatu nahi nuen. Bere dialogoak ikasi izan balitu, seguraski ez lioke aztarna hori emango bere pertsonaiari. Berarekin hainbat saio egin nituen gidoiaren geruza nagusien eszena mugarriak kontatzeko edo irakurtzeko, berak ulertu zedin zer norabide zeukan gidoian dagoen harreman bakoitza. Nik kontatzen nion bitartean, berak harreman horiek marrazten zituen. Marraztutako gidoiaren laburpen modukoa egin zuen, eta egunez egun, joan ginen geruza ezberdin hauek lantzen. Sekuentzien artean hutsuneak uzten genituen, beste egun batean geruza hori lantzen genuenean bere marrazkien bitartez sekuentzien hutsune horiek betetzeko. Denbora dezente eskatu du lanketa honek, baina uste dut formula interesgarria izan zela berak ere bere irudimenarekin eta bere unibertso emozionalarekin falta zen guztia osatzen joateko.

(Irakurri informazio osoa)

etxepare.eus

  • DataMaiatzak 10
  • Gaia Ikus-entzunezkoa