"Rock chicks. I´m not female to you" filma nagusi, Dock of the Bay jaialdian
Marita Stocker alemaniarraren Rock chicks. I´m not female to you dokumentala izan da garaile Donostian ospatu berri den Dock of the Bay. Aldiz, The color orange filmak irabazi du Film Labur Onenaren saria, eta Arriguri sortzailearen Esna kanta jaso du lanak Epaimahaiaren Aipamen Berezia.
Udaberri bete-betean ospatu dute aurten Dock Of The Bay – Musika Dokumentalen Donostiako Jaialdiaren hamaseigarren. Eva Rivera jaialdiaren zuzendariak edizioaren aurkezpenean nabarmendu zuenez, “kalitatez zinema independente baten aldeko apustua egiten” jarraitu dute aurten: “Inklusioarekin eta aniztasunarekin konprometituta gaude, hausnarketarako espazioak ireki eta mundura hurbiltzearekin. Gainera, gure ingurunearekiko errespetuzko jaialdia egiten saiatuko gara, mantsoa eta hurbilekoa. Alderdi humanoa izango duen jaialdia, non pertsonak izango diren ekitaldi guztien neurria”.
Bada, Trueba aretoan egindako agerraldi hartan aurkeztu zuten ere epaimahai lanetan arituko zen taldea. Bada, Patxi Presa -Koldo Mitxelena kulturunearen zuzendaria-, Josemi Beltran -Donostia Kultura egitasmoaren Zinema arduraduna- eta Lur Olaizola -Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezkoen koordinatzailea- ere izan dira hamaseigarren edizio honetan proiektatu dituzten 25 dokumentalak ikusi eta baloratzeaz arduratu diren profesionalak.
Hain zuzen ere, “musikara kontzesiorik gabe dedikatutako bizimodu baten edertasuna eta benetakotasuna azaltzeagatik” ebatzi dute Marita Stocker alemaniarraren Rock chicks. I´m not female to you (2023) dokumentalak jaso behar zuela lehiaketaren Sari Nagusia.


