"Karpeta Urdinak" lana saritu dute Documenta Madrid Jaialdian

Ander Iriarte oiartzuarraren Karpeta Urdinak (2022) dokumentalak Publikoaren Saria eskuratu berri du Madrilgo Dokumetalen Jaialdian. Nazioarteko jaialdien zirkuitua, herriz herriko emanaldi birarekin uztartzen ari da lan-taldea.

Ander Iriartek, beste askok bezala, aitak komisarian jasan zuena tortura izan zela susmatzen du. Bere ustea argitu nahian, Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Plana-ren barruan egindako Proyecto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco entre 1960-2014 ezagutuko du.

Ikerketa honek argitaratzen dituen emaitzekin ikaratuta, proiektuan parte hartu zuten mediku, psiokologo, psikiatra eta abokatuekin elkartuko da. Haiek erakutsiko diote tortura psikologikoa, Istanbulgo Protokoloa edo hurbilketa estatistikoa bezalako kontzeptuak, ipar globaleko torturaren errealitatea ezagutaraziz. (Irakurri hemen ZINEAko Ines Arrue kideak filmaz idatzitakoak).

Paradoxikoki, Espainiar Estatuko hiriburutik, Madrildik, heldu zaizkio lan-taldeari azken berri onak: Maiatzaren 3tik 7ra bitartean ospatu berri den Documenta Madrid – Madrilgo Dokumetalen Jaialdian aurkeztu zuen filma Iriartek, eta baita Publikoaren Saria eskuratu ere. “Ez dago ezer mingarriagorik, jipoitu, umiliatu eta iraindu ondoren, kontatzera ausartu eta gezurretan ari zarela leporatzea baino. Eskerrik asko, Madril, Eskerrik asko, torturatuei ‘SINESTEN ZAITUZTEGU!’ esateagatik”, adierazi du zuzendariak, esker onez, bere sare sozialen bidez.

(Irakurri informazio osoa)

zinea.eus

  • DataMaiatzak 8
  • Gaia Ikus-entzunezkoa