"Poetika" zikloa Koldo Mitxelena Kulturunera itzuliko da hilabete honetan Alain López de Lacalle itzultzailearekin
Bihar egingo den topaketan, Alain López de Lacalle itzultzaileak Aritz Gorrotxategi editorearekin hitz egingo du, Edgar Lee Mastersen olerkiaz eta duela gutxi argitaratutako Spoon River Anthology lanaren euskarazko bertsioaz.
Koldo Mitxelena Kulturuneak, Jon Obesoren eta Jose Luis Padronen koordinazioarekin eta Musikeneren laguntzarekin, urtero antolatzen dituen poesia irakurketei apirilean ekingo zaie berriro.
Oraingo honetan, Alain López de Lacalle itzultzaileak Aritz Gorrotxategi Balea Zuriaren editorearekin hitz egingo du Egdar Lee Mastersen poesiaz, berriki argitaratu baita, López de la Lacallek berak itzulita, poetaren liburu ospetsuena den Spoon River Anthology-ren euskarazko bertsioa. Musika, oraingoan, Musikeneko Markel Pérezen eskutik izango da.
Duela mende bat baino pixka bat gehiago, 1915ean, Edgar Lee Mastersen poema liburu hori inprimatu zen New Yorken.Manuel Rico literaturako kritikariak dioen bezala, agertu zenean inork ez zekien, ezta egileak berak ere, Ipar Amerikako poesiaren historiako best seller bakarretako bat argitaratu berria zela. Lee Masters Kansasen jaio zen, 1868an. Abokatu gisa lan egin zuen, lehenik Chicagon Edison konpainiarentzat eta, geroago, New Yorkeko bere abokatu bulegoan. Ordurako, poemak, lan historikoak, antzerkiak, biografiak, saiakerak idazten zituen, baina arrakasta handirik gabe. Hala ere, antologiak arrakasta aparta izan zuen, eta berehala bihurtu zen Estatu Batuetako historian gehien irakurri den poesia liburua. Hizkuntza askotara itzuli izan da eta, orain, Bale Zuria argitaletxeak lehen aldiz osorik eta euskara hutsean argitaratu du Spoon River Anthology liburua.
"Poetika"ren topaketa berri hau euskaraz izango da Koldo Mitxelena Kulturuneko areto nagusian, 19:30etik 21:00etara.


