Pol·len edicions (El Tinter SAL) argitaletxeak sare sozialen bidez jakitera eman berri du Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik saiakera katalanez argitaratuko dutela, Revers. Testimonis de dones bertsolaris titulupean. Esti Lizasok egin du itzulpena.
Uxue Alberdik 2019an argitaratu zuen Kontrako eztarritik saiakera, Lisipe bilduma feministaren baitan. Oinarrizko galdera batetik abiatu zuen Alberdik saiakera -zertan eragin dizu emakume izateak?- eta, ostean, hamabost bertsolariri eman zien hitza, “emakume bertsolarien jarduna mugatzen duten patroiak” identifikatzeko: Amaia Agirre, Ainhoa Agirreazaldegi, Maialen Akizu, Miren Amuriza, Maider Arregi, Miren Artetxe, Maddalen Arzallus, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Alaia Martin, Eli Pagola eta Jone Uria izan ziren hitza hartu zutenak.


