Besteak beste, Aurora Luque, Pedro Guerra, Sole Jiménez, Arcano, Anari eta Marwan Gasteizen izango dira Poetak Maiatzean jaialdiaren baitan
Ekimenaren 11. edizioa maiatzaren 2tik 28ra bitartean egingo da Araban
Montehermoso Kulturunean egin dute gaur goizean Poetak Maiatzean jaialdiaren hamaikagarren edizioaren aurkezpen ofiziala. Ekitaldi hori da Arabako hiriburuko udaberrian antolatzen den egitasmo sendoenetako bat eta aurten maiatzaren 2tik 28ra bitartean egingo da.
Prentsaurrekoan izan dira Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura arloko zinegotzia, Estibaliz Canto; Kultura eta Kirol arloko foru-diputatua, Ana del Val; Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza arloko sailburuordea, Jesus M. García de Cos; Vital Fundazioko zuzendaria, Arantxa Ibáñez de Opacua; eta Poetak Maiatzean egitasmoaren zuzendaria, Elisa Rueda.
“Dagoeneko errotuta dagoen ekimen honetan hiriko eragile askok hartzen du parte eta, urtero-urtero, maiatzean, gure agendan sartuta egoten da. Elkarteak, saltokiak, ostalaritza-establezimenduak… Guztiei eskerrak eman nahiko nizkieke Poetak Maiatzean jaialdia posible egiteagatik. Ez dugu ahaztu behar, gainera, hitzordu honek, urtez urte, gero eta garrantzi handiagoa duela”, adierazi du Estibaliz Cantok.
Hunkitu Arte elkarteak antolatzen du jaialdia eta Elisa Rueda poetak sortu eta zuzentzen du, Arabako lurraldean poesia zabaltzeko eta poesiaren eta gizartearen arteko lotura sortzeko.
Ruedak edizio berezi honetako programazioaren inguruko xehetasunak eskaini ditu. Kartelak adin guztietarako poesia-errezitaldiak, musika, olerki-lehiaketak, erakusketak, dantza, tailerrak… jasotzen ditu. Bertan izango diren izenen artean, hauek nabarmendu behar dira: Aurora Luque, Pedro Guerra, Sole Jiménez, Arcano, Anari eta Marwan.
Cantok antolatutako jardueretara joateko gonbita egin nahi izan die gasteiztarrei. “Maiatzaren 2tik 28ra bitartean, Gasteiz poesiaren hiriburu bihurtu da eta oso emanaldi aberasgarriak eskainiko dizkiguten Estatuko eta nazioarteko artistak izango ditugu gure artean. Gasteiztarrak gonbidatu nahi ditugu guztiok garaile izango garen jai honekin bat egitera”, gehitu du Cantok. Gainera, zinegotziak jaialdiari eta bultzatzaileei zuzendutako olerki batzuk eskaini nahi izan ditu.
Poetak Maiatzean jaialdiak Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Vital Fundazioaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren babesa jaso du.


