'Bilduma hau colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000)' erakusketa aurkeztu du Artium Museoak

  • 'Bilduma hau colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000)' erakusketa aurkeztu du Artium Museoak

ERAKUSKETAK EHUN ARTELAN, DOKUMENTU ETA ARTXIBOKO MATERIAL BAINO GEHIAGO BILTZEN DITU, ARTISTEK ERAIKITZEN LAGUNDU ETA XX. MENDEAREN BIGARREN ERDIAN LAN EGIN ZUTEN TESTUINGURUAK AZTERTZEKO

MUSEOAREN BILDUMAREN FUNTSEN BERRANTOLAKETA BERROGEITA HAMARREKO HAMARKADAN HASI ETA GAUR EGUNERA ARTE IRISTEN DA

Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000) aurkeztu du, joan den mendeko 50eko hamarkadan hasi eta gaur egunera arteko museoaren funtsen berrantolaketa. Erakusketak ehun artelan, dokumentu eta artxiboko material baino gehiago Bildu ditu A0 aretoan, eta tentsioak eta topaketak sortzen ditu bost hamarkadetan sortutako adierazpen artistikoen artean. Komisario-talde baten lanaren emaitza izan da Bilduma Hau Colección erakusketa. Hona taldea: Enrique Martínez Goikotexea eta Elena Roseras museoko kontserbatzaileak, Beatriz Herráez museoaren zuzendaria, Sergio Rubira arte historialari eta irakaslea eta Thomas Boutoux antropologo eta editorea.

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren berrantolaketaren izenburuak hainbat gai eta jatorri dakartza gogora. Alde batetik «hau» hurbiltasuna adierazten duen erakusle bat da; erakusleek kokatzen laguntzen digute, kokapen bat markatzen baitute. Baina «hau» hitzak baditu beste esanahi batzuk ere urrunago dauden beste testuinguru batzuetan. Marcel Mauss antropologo frantziarrak Essay sur le don [Dohaintzari buruzko saiakera] (1925) lanean jasotzen duenez, maorien artean, dohaintzan emandako objektuei ematen zaien balio espirituala da hau. Zentzu horretan, museo baten definizioa, historikoki, bere bildumatik dator, artelan funts baten —dohain bat— izaera publikotik, guztiona dena eta ezagutza ekoizten eta komunitate bat imajinatzen laguntzen duena. Bestalde, Oinarrizko mugimenduak Gabriel Celayaren poema-liburu bat du aipagai, eta erakusketak haren erreferentziak ere baditu.

Premisa horien pean antolatutako museoaren bildumaren funtsen berrantolaketa berrogeita hamarreko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte iristen da, eta beti eraikitzen ari den narrativa bat aktibatzen duten oinarrizko mugimendu batzuen bidez aztertzen. Erakusketak ehun artelan, dokumentu eta artxiboko material baino gehiago biltzen ditu, artistek eraikitzen lagundu zuten eta XX. mendearen bigarren erdian landu zituzten testuinguruak aztertzeko.

Bilduma Hau Colección erakusketaren abiapuntua erbestealdiaren amaiera eta 1945ean Mari Paz Jiménezek, 1948an Jorge Oteizak eta 1952an Nestor Basterretxeak Latinoamerikako herrialdeetara egindako bidaietatik itzultzea, eta Arantzazuko basilikaren proiektuaren inguruan komunitate artistiko bat elkartu izana da.
Honako hauek izan dira aztertu diren beste kasu batzuk: artistek eta idazleek hirurogeiko hamarkadan errepresaliatutako langileen egoerarekin izan zuten funtsezko konpromisoa, hala nola María Franciska Dapenak eta Agustín Ibarrolak, Estampa Popularrek, Gabriel Arestik, Blas de Oterok eta Gabriel Celayak; praktika artistikoen eta gizarte-mugimenduen arteko gurutzaketa, Luis Peña Gancheguik Asisko San Frantzisko elizarako egin zuen proiektuarekin —1976ko martxoaren 3ko gertaera tragikoak izango ziren han—, Gasteizen arkitektura erlijiosoa berritzeko lanaren adibide gisa; edota Euskal Herrian ekoitzitako artearen posizionamendua erreferentziazko hitzorduetan, hala nola 72ko Iruñeko Topaketetan, 1957ko Sao Pauloko Biurtekoan, 58ko Veneziako Biurtekoan, Eduardo Chillidarekin, 86koan Cristina Iglesiasekin eta 88koan Oteizarekin, Susana Solanorekin espazioa partekatuz.

Erakusketan ageri diren beste gai batzuk museoaren programazioaren testuinguruan egindako ikerketei eta azterketa-kasuei buruzkoak dira, hala nola Juan Antonio Sistiagaren eta Esther Ferrerren esperientzia pedagogikoak; 70eko eta 80ko hamarkaden artean egindako jardunaldi eta erakusketa feministak; 60ko hamarkadan Euskal Eskola eta 80ko hamarkadan Euskal Artisten Elkartea sortu izana, eta 1984an Mitos y delitos talde-erakusketa egin izana, Euskal Eskultura Berria izena eman zitzaiona aurreratuz; eta mende berrirako igarotzea, non praktika ez hain ulergarriak finkatuko ziren.

Museoaren funtsetako lanak —Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren ondare-funtsetatik datozenak—, aurkezteaz gain, Bilduma Hau Colección beste erakunde, museo eta bilduma batzuen laguntzarekin eraiki da; batzuk aipatzeko: Chillida Leku, Bilboko Arte Ederren Museoa, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa, Arte Garaikideko Andaluziar Zentroa, Euskadiko Filmategia, Andaluziako Filmategia, Sancho el Sabio Fundazioa, Peña Ganchegui Artxiboa, Antoni Muntadas Artxiboa, Irungo Udal Artxiboa, Martxoak 3 Elkartea, archiv dokumentu-bilduma (Kassel), Gasteizko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia – Gordailua.

artium.eus

  • DataMartxoak 31
  • Gaia Ikusizko arteak, Museoak, Bestelakoak