Tabakalerak Alemaniako Gobernuaren babesa jaso du "Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea" lan-ildoa sustatzeko

  • Tabakalerak Alemaniako Gobernuaren babesa jaso du

Tabakalerak 2023 urtean indartu egin du 2020an Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea arloan hasitako ibilbidea eta Europako erreferente izatera heldu da esparru horretan Creative Impact Research Centre (CIRCE) proiektuaren parte izateko Alemaniako Gobernuarekin berriki sinatutako kontratuari esker. CIRCE Europako hausnarketa-taldea da, industria kulturalen eta sortzaileen babesa eta Europan duten eragina indartzeko egiten du lan.

Proiektu hori martxan jarrita, Tabakalerak 300.000 euro jasoko ditu 2023an zehar lau proiektu egiteko. Proiektu horiek artisten eta erakunde ez-kulturalen lankidetza-metodologiak proposatuko dituzte eta praktika artistikoaren bidez gauzatuko dira.

Tabakaleraz gain, Europako beste lau zentro aukeratu ditu CIRCEk: Berlingo u-InstitutLondoneko City Unibertsitatea, Tallinngo Garage48 eta Zuricheko Centre for Creative Economies (ZCCE).

 

CIRCE, industria kulturalak eta sortzaileak babesteko Europako proiektua
 

Creative Impact Research Centre Europe (CIRCE) diziplinarteko eta nazioarteko hausnarketa-taldea da. Politikak ekonomia sortzaileei eta ekonomia horiek Europan daukaten inpaktua laguntzeko modua du aztergai.

CIRCEk Berlinen dauka egoitza eta berrikuntza-laborategiak Londresen, Donostian, Tallinen eta Zurichen. Elkarlanean aritzen da Europako akademikoen eta profesionalen sare bikain batekin, kontinenteko ekonomia sortzaileak indartzeko eta egungo eta etorkizuneko krisialdiei erantzuteko indarra aprobetxatzeko.

Horren bidez, CIRCEk Brexitak ekonomia sortzaileetan daukan eragin negatiboa arintzea eta ezagutzak eta dagoeneko ezarritako sareak mantentzea du helburu.

CIRCE Alemaniako Gobernu Federalaren Kultura eta Hedabide Ministerioak (BKM) finantzatzen du, Brexitera Egokitzeko Europar Batzordearen erreserbako funtsaren bidez.

 

Tabakaleraren bazkide berriak Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea lan-ildorako
 

Tabakalerak Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea esparruko ibilbidea 2020an hasi zuen, Medialaben irekierarekin bat eginez (herritarren sorkuntzarako espazio irekia). Ibilbide horren helburua honako hau zen: sorkuntza artistikoko proiektuak garatzea zientziaren eta teknologiaren esparruko adituekin batera. Hau da lan-ildo horren premisa: elkarlanean garatutako ikerketa- eta sorkuntza-prozesuak, artelanean eragin handia izateaz gain, zientziaren eta teknologiaren esparruko sorkuntzan eta berrikuntzan ere eragina du, ikuspuntu berriak sortzeko gaitasunari esker eta alderdi teknikotik haratago doazen agertokiak sortzeko gaitasuna dela eta. Ondoriozko sorkuntzek, gainera, aukera ematen dute herritarrekin gizarterako garrantzitsuak diren gaiak dibulgazio zientifikoa ez diren bideetatik partekatzeko. Horrela, ezagutza berria sortu daiteke, errealitatearen irakurketa desberdinak ahalbidetzen eta etorkizuneko beste agertoki batzuk planteatzen baitira.

CIRCE proiektuan parte hartzeaz gain, Tabakalerak 2023an sendotu egin du Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea esparruan Europako erreferentzia-zentro gisa duen posizionamendua. Horretarako, bazkide berriekin (zientziaren eta teknologiaren esparruko erakundeak eta enpresak) elkarlanean arituko da. Hona hemen bazkide horietako batzuk: Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), BCC Innovation eta UPV/EHU. Bazkide horiek Tabakalerak gaur egun lan-ildo horretan dituen lankideei gehitzen zaizkie: DIPC eta Tekniker. Erakunde horietaz gain, Tabakalerak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du.

Bestalde, Tabakalera RED-ACTSeko erakunde bazkideetako bat da. RED-ACTS Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea esparruaren (ACTS gaztelaniaz) arteko harremanean lan egiten duten funtsezko agenteak artikulatzen dituen egitura da, ACTSei dagokienez interes erkideak baina jarduketa-esparru desberdinak dituzten erakundeen, adituen, kolektiboen eta sareen arteko elkarlan estua ezartzeko esparruak sortzeko asmoz. Sarea Universidad Oberta de Cataluñak (UOC), Hac Te eta Daniel y Nina Carasso Fundazioak sustatutako ekimena da eta lau nodok osatzen dute: Hangar eta CCCB (Bartzelona), Medialab-Matadero (Madril), CCCC (Valentzia) eta UPV/EHU eta Tabakalera (Donostia).

 

2023ko proiektuak eta erakusketak Tabakaleran

Aipatutako lankidetzei esker, 2023an zehar Tabakaleran artistak eta erakundeak lotuko dituzten zenbait proiektu egingo dira, eta erakunde horietan berrikuntza-eragina izatea dute helburu. Horrez gain, artistei garatzeko modu berriak eskainiko dizkie.

DIPCek eta Tabakalerak antolatutako hirugarren proiektua Future Storage daeta biltegiratze-digitalaren etorkizuna ikertzen du, bai eta horrek zer nolako eragin ekosozial eta lurraldekoak izango dituen. Marina Otero arkitektoak, Harvardeko Unibertsitatearekin, NASAko ingeniari Eduardo Bendekekin eta Donostia International Physics Centerekin batera, datuekin dugun harremana birdiseinatzeko eredu esperimentalak proposatzen ditu, bai eta horiek ekoizteko, kontsumitzeko eta mantentzeko moduak ere. Horretarako, arreta berezia emango dio informazioaren aniztasunari eta horren biltegiratzearen ondorio diren kanpo-efektuei.

Teknikerren eta Tabakaleraren arteko hirugarren elkarlanak gizakien eta roboten arteko interakzioan ipiniko du arreta. Oraingoan, zehazki, gorputz-euskarri gisa exoeskeletoak dituzten makinak izango dira ardatz, bai eta makina horien eta erabiltzaileen artean sortu behar den konfiantza-harremana ere. Amaia Vicente artistak eta Teknikerreko ikertzaileek garatuko duten proiektuaren helburua sentsore-anitzeko interfaze bat sortzea da, roboten eta erabiltzaileen arteko interakzioa hobetzeko.

BCBLk paradoxen edo irudi kontraesankorren pertzepzioaren esparruak eta horiek giza-garunean sortzen duten efektua ardatz izango duen proiektua izango da. Proiektuan Laura MM diziplina anitzeko artistak hartuko du parte. Bere obra artea, teknologia eta diseinua lotzen ditu. Berarekin batera, BCBLko ikertzaile Manuela Ruzzolik lan egingo du proiektuan. Medialaben egindako hardware libre bat erabiliko da eta Tabakalerako erabiltzaile batzuek ere prozesu sortzailearen parte izateko aukera izango dute.

Bien bitartean, Manuela Ruzzoli BCBLko ikertzaileak eta Laura MM diziplina anitzeko artistak erakusketa berritzaile eta esperimental batean hartuko dute parte. Proiektuan adimen artifiziala eta neurozientzia esperientzia paregabe eta ahaztezin bat sortzeko erabiltzen dituzte. Helburua da aztertzea nola adimen artifiziala erabil daitekeen ikuslearentzat ustekabekoa eta harrigarria den artea sortzeko, BCBLn ikertutako "aukeren urraketaren" teorietan oinarrituta. Tabakalerako erabiltzaile batzuk sormen-prozesuan parte hartu ahal izango dute, proiektuak garun-seinalea atzemateko Medialaben garatutako hardware libre bat jasoko baitu.

BCC Innovation, Basque Culinary Center-eko gastronomia zentro teknologikoaren eta Tabakaleraren arteko elkarlanak Food Fictions proiektua izango du ardatz. Artearen munduko askotariko sortzaileek eta zentro teknologikoko chef-ek etorkizuneko janaria irudikatuko dute, eta horrek kulturan, ingurumenean eta gizartean izango duen eragina aztertuko dute. Egitasmoak arreta berezia ipiniko du mundu sentsorialean, bereziki zentzumenen estimulazioak jaten dugunaren gaineko pertzepzioa aldatzeko daukan ahalmenean.

Bestalde, CIRCE proiektuko kideek urteko topaketa egingo dute Tabakaleran, ekainean. Taldea hautatutako Europako bost ikerketa-laborategitako ordezkari gorenek osatuko dute, bai eta CIRCEren aholku batzorde nagusiaren kideek ere. Donostian bilduko dira ikerketa-laborategi bakoitzak proiektuen bidez egiten duen lan-prozesuaren berri emateko.

Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea ildoaren esparruan artista eta erakundeek urtean zehar egin duten lana herritarrei erakusteko eta haiekin partekatzeko, Tabakalerak erakusketa handi bat egingo du. Bertan, egindako proiektuak egongo dira ikusgai. Maria Ptqk ikertzaile, kritiko eta komisarioa, artea eta zientziaren esparruko erreferentea ere badena, izango da erakusketaren buru.

 

Tabakalerak 2020az geroztik Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea esparruan egindako ibilbidea

Tabakalerak Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea lan-ildoaren lehenengo ekoizpen artistikoa Supraspectives izan zen. 2020ko irailean aurkeztu zen, zentroaren 5. urteurrenarekin batera. Proiektua Quadrature artista alemanen (Juliane Götz eta Sebastian Neitsch) lana izan zen, Donostia International Physic Centerreko Silvia Bonoli eta Raúl Angulo astrofisikoekin eta Ars Electronicarekin elkarlanean gauzatu zena. Ikus-entzuneko instalazioak alderaketa egin zuen lurrak goitik ikusita zuen edertasunaren eta kanpoko espazioaren, eta gizakion kolonizazioarekiko kontzientzia kritikoaren artean, zeina askotan oso lotuta dagoen helburu militarrekin eta zaintzarekin.

2021ean zehar, Varvara & Mar artistek, Teknikerrekin batera, roboten eta gizakien arteko konfiantzaren kontzeptua ikertu zuten, eta horren emaitza Dream Painter instalazioa izan zen. Adimen Artifizialari esker, Tabakalerako bisitarien ametsak entzuten eta interpretatzen zituen, horretan oinarrituta lan piktorikoa “sortzeko”.

2022ko ekainean, Tabakalerak urrats berria eman zuen ACTSren ildoan, eta Bilbao Exhibition Centerren egin zen 31. Makina-Erremintaren Nazioarteko Bienalean Holobot. Social Garden lan artistikoa aurkeztu zen. Proiektua inguruarekin komunikatzen zen eta sare sozialetan parte hartzen zuen robot soziala zen. Tabakalerak eta VR Kommand artisten kolektiboak egin zuten Tekniker eta KUKArekin batera, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso zuten.

Iazko azaroan, Tabalakerak eta DIPCek Clouds of Pollen. Datuak, material bizia instalazio artistikoa aurkeztu zuten, sistema biziek bizitza artifizialarekin harremanetan jartzeko aukerak aztertzen zituena, eta landareen polenak datu digitalak biltegiratzeko zuen gaitasuna ikertzen zuena. Instalazioa Grow Your Own Cloud kolektiboak egin zuen DIPCeko bisitaria eta adimen artifizialean aditua den Steen Rasmussen zientzialari daniarrarekin elkarlanean.

 


  • DataMartxoak 30
  • Gaia Ikusizko arteak