Aurtengo egitarau paraleloa aurkeztu du Dock of the Bay Musika Dokumentalen Donostiako Jaialdiak Elkarrizketak, Dock Live! eta Publiko Berriak
Dock of the Bay Musika Dokumentalen Donostiako Zinema Jaialdiaren hamaseigarren edizioa egingo da maiatzaren 1etik 6ra eta, aurten ere, ‘Elkarrizketak’ atala izango dugu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak sustatuta. Aaron Rodriguez Serranok koordinatuta, “Nostalgiari buruz: zinema eta musika iraganarekin eta iraganaren aurka” izenburua izango du aurten atal horrek.
Bi egunetan egingo dira ‘Elkarrizketak’, maiatzaren 3an eta 4an, Koldo Mitxelena Kulturunean, eta nostalgiari buruz hausnartzera gonbidatuko ditu parte-hartzaileak Dock of the Bay jaialdiak. Hamaseigarren edizio honetan, Isabel Fernandez konpositore eta epaimahaikidea, Felipe Rodriguez zinema-kritikaria eta Laia Quilez ikus-entzunezko komunikazioko irakaslea arituko dira hizlari lehenengo egunean, maiatzaren 3an.
Hurrengo egunean, Joan Pons Primavera Sound jaialdiko komunikazio-zuzendaria, Yago Paris zinema-kritikari eta epaimahaikidea eta Alba G. Mora editorea izango ditugu ‘Elkarrizketak’ ekimenean. Webgunean duzue ‘Elkarrizketak’ atalari buruzko informazio gehiago.
Dock Live! programa ere iragarri du Jaialdiak. Dock Live! diziplina arteko espazio bat da, musikaren, ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen inguruan lan egiten duten hizkuntzen eta artisten arteko bidegurutze izan nahi duena. Kutxa Fundazioarekiko lankidetzari esker, Espanto eta Magia Bruta taldeen emanaldiak izango ditugu, maiatzaren 3an, asteazkena, eta maiatzaren 4an, osteguna, hurrenez hurren, 21:00etan. Kutxa Kultur Klubean izango dira kontzertu biak.
Jaialdiak hitzarmena egin du Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin, eta asteartean, maiatzak 3, Kontatutako Zinema zikloaren saio bat izango da Tabakalerako zinema-aretoan, 19:00etan, eta Marina Lameiro zinema-zuzendariak haren sorkuntza zinematografikoko prozesuak deskubrituko dizkigu.Bere bi film luzeetan zentratuko da batez ere: lagun-talde batekin egindako Young and beautiful (2018) eta Dardara (2021), Berri Txarrak musika-taldearekin egindakoa. Baina nolabait bere zinema osatzen duten beste sorkuntza eta erreferentzia batzuk ere partekatuko ditu.
Gainera, Dock of the Bay jaialdiaren zuzeneko musika-jardueren barruan, Gastro Soul Party bat egingo da ostiralean, hilak 5, 21:00etatik aurrera, Gastronomiaren Euskal Kofradian. Dave Mack (Doncaster-Erresuma Batua), Gautxos (Mallorca/Bilbo), Roberto Tortuga (Baiona) eta Ritxi Skatalite (RGS) arituko dira, Reaggae Got Soul Kolektiboari esker.
Publiko Berriak Sailaren barruan, Javier Poloren Europa en 8 bits film luzea ere aurkeztu du Dock of the Bay jaialdiak. Ostiralean, maiatzak 5, eskainiko da film hori Tabakalerako Zinema-aretoan, eta helburu nagusia da gazteak zinemara erakartzea eta musika dokumentalak haiei hurbiltzea. Europe in 8 bits filmak chip musikaren unibertsoa arakatzen du; musika-korronte horretan, garai bateko kontsolak eta ordenagailuak berrerabiltzen dira musika sortzeko, hala nola GameBoy, NES, Atari ST, Commodore 64 eta Amiga


