Luz Casalek bere azken diskoa, "Las ventanas de mi alma", Gasteizen aurkeztuko du uztailaren 22an
Kontzertua Printzipal Antzokian izango da eta sarrerak asteazkenean, martxoaren 29an, 17:30ean jarriko dira salgai
Printzipal Antzokian eskainiko du kontzertua Luz Casalek uztailaren 22an. Bertan, artista galiziarrak bere azken lana, ‘Las ventanas de mi alma’, aurkeztuko du eta bere arrakasta handietarako tartea ere izango da seguru asko. Zuzeneko musika maite dutenentzako ikuskizun bikaina izango da.
“Luxua da gure hirian Luz Casal, gure herrialdeko ahots garrantzitsuenetako bat, izatea”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura Saileko zinegotziak, Estibaliz Cantok. “Lau hamarkada baino gehiagoan kalitatearen alde egindako apustuak abesti ahaztezinak, gure bizitzako soinu-bandan jasota daudenak, oparitu dizkigu”, gehitu du.
Abeslariak eta konpositoreak lanik argitaratu gabe emandako bost urteko tarteari amaiera emango dio bere ibilbideko disko pertsona eta autobiografikoenarekin. Rocka eta soinu klasikoenak bateratzen dituzten hamabi abesti dira.
’Las ventanas de mi alma’ izenak berak iragartzen du Luz mozorrorik eta artifiziorik gabe, beti bezain egiazale eta grinatsu eta errealitatera inoiz baino lotuago iritsiko dela. Gaztelaniazko musikan ezinbesteko erreferentzia da eta abesti berriren bat argitaratu gabe bost urtez egon ondoren, itzulera hau sekulako gertakaria izango da.
Baina lau hamarkada lehen postuetan egon izanak ematen dion lasaitasunarekin konformatu beharrean, Luzek soinu berriak arakatu eta gaurkotasun osoko gaiak landu ditu album biribila eta liluragarria eskaintzeko. Artistaren arrakasten zerrenda oparoa are gehiago handituko duten hamabi abesti dira.
Itxaropenez beteta dagoen diskoa ere bada. Bertan, abesti bakoitzean, Luzek bere eskua eskaintzen du, iluntasunaren erdian bertatik ateratzeko irteerak eskaintzen ditu eta bere eta besteen mamuak exorzizatzen ditu. Halaxe aurreratzen zuen bere lehen singlearekin, ‘Hola, qué tal’ izenekoarekin. Adore eta kontsolamendu bila horiek eskatzen zizkiotenei itxialdian zehar egindako bi mila dei baino gehiagoren emaitza da baikortasunez betetako erakustaldi hori.
Ia gai guztiak konposatzeko lanetan inplikatuta egon da eta, oraingoan, artistak albuma ekoizten ere parte hartu du Paco Salazarrekin eta Paco Trinidadekin batera. ‘Las ventanas de mi alma’, La Casamuradan grabatu zuen eta ostiralean, martxoaren 24an jarri zuten salgai Virgin Musicen eskutik.
Uztailaren 22an Gasteizen eskainiko duen kontzerturako sarrerak martxoaren 29an, asteazkenean, jarriko dira salgai 17:30etik aurrera Gasteizko Antzokien Udal Sarearen ohiko bideetan.


