Gerardo Markuleta: "Itzultzailea gortinaren atzekaldean dagoena da, eta hor egon behar du"
Gerardo Markuleta poeta eta itzultzailea da. Cortázarrekin hasi zen bidaia profesional honetan, hainbat itzulpen literario egin ditu euskarara.
Oñatiar gasteiztartua, poeta eta itzultzailea. Lau hitz behar izan ditu Gerardo Markuleta Gutiérrezek bere burua aurkezteko.
Aita euskalduna eta ama erdalduna, 5-7 urterekin euskara galdu ondoren, 18-20 urte zituela berreskuratu zuen, eta euskaraz moldatzen zela ikusi zuenean, aitaren hizkuntza berreskuratu eta literatura euskaraz egiten hasi zen. Eta gaur arte, non euskarazko liburuak gaztelaniara itzultzen dituen bakarrenetakoa den.
Itzultzaile lanetan, Julio Cortázarren Oktaedroa (Ibaizabal, 1992) itzultzeko aukera suertatu zitzaion Literatura Unibertsala Bildumako itzulpen-lehiaketan hautatua izan zenean, eta geroztik, gazte zein heldu, dozenaka libururen itzultzaile gisa aurki dezakegu Markuleta abizena.
Literatur itzulpen ugari egin du frantses, katalan, galego eta gaztelaniatik euskarara. Eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko (EIZIE) Zuzendaritza Batzordean izan da baita ere, kolaboratzaile gisa, ikastaroak antolatzen eta, hasiera batean, Literatura Unibertsaleko lanak aukeratzen zituen batzordean parte hartuz.
Itzulpengintzan lehen urratsak. Zer ikasi zenuen gaur egun zure lanbidea den itzulpengintza literarioan aritzeko?
Hispaniar Filologia ikasi nuen lehenengo eta gero Euskal Filologia. Itzulpengintzari buruzko berezko ikasketarik ez daukat. Adin bat badaukat eta nire garaian ez zegoen orain dagoen Itzulpengintza eta Interpretazio Gradua. Gure garaian lizentziatura zen eta bazegoen Granadan adibidez, baina euskerarik ez, noski. Ikastaroak jaso izan ditut, eman ere bai. Baina azkenean praktika da irakasten dizuna, eta praktikarako ez dago eskolarik. Gainera, hemen gazteak Itzulpengintza eta Interpretazio Gradutik ateratzen dira, ezer aldatu ez bada, literatura ikasi gabe. Asko harritzen nau horrek. Lan-aukerarik handiena ez den arren, lana egon badago, eta lanbideari beste esanahi bat eman nahi badiogu, graduan bertan hasi beharko litzateke literatura irakatsiz eta labindeari, itzulpengintza literariori, beste kolore eta gustu bat emanez. Hala ere, baten batek literatur zaletasuna badu, Literatura Unibertsala elkarteak, EIZIEk, argitaratzen duen SENEZ izeneko aldizkaria lanbidea ezagutzeko eta ikasteko oso bide ona da, bertan formakuntzarako aukera desberdinak eta artikulu oso interesgarriak aurkitu ditzakezu.
Noiz eta nola heldu zitzaizun lehenengo enkargua?
Lan guztietan gertatzen da, ikasketetatik ateratzen zara eta arlo espezializatu batean sartu nahi duzu, baina oso zaila da hori. Hasieran, nire poemak euskaratzen hasi nintzen. Hori izan zen nire lehenengo praktika, hain zuzen ere. Hala ere, zorte handia eduki nuen nik, Literatura Unibertsaleko lehiaketara aurkeztu nintzelako, eta hori bilakatu zen nire lehenengo itzulpen lana. EIZIEk, sustatzen duen itzulpen bilduma da Literatura Unibertsala. Bildumarako itzulpenak lehiaketa publiko baten bidez hautatzen dira, non itzuli beharreko lagina Elkarteak proposatuko itzulgaia den. Nik Julio Cortázarren ipuin bat euskaratu nuen. Honen lagina aurkeztu eta epai-mahaiak laginik onena saritzen du, liburu osoa itzultzeko enkarguarekin. Eta hala lortu nuen nire lehenengo enkargu profesionala. Itzulpen-lehiaketa honetan edonork parte har dezake. Itzultzaile profesionalak zein hasi berriak, ez dute esperientziarik edo curriculumik eskatzen. Baldintza bakarra, lagin on bat aurkeztea da. Beraz, atea da askorentzat. Baina konfidantza izan behar da norberarengan. Agian 6 hilabete ematen dizkizute lagina prestatzeko eta, jende andana aurkezten ez den arren, zure lagina aukeratua izateko oso fin itzulita egon behar da.


