Suns Europe 2023 jaialdiko musika atalean parte hartzeko deialdia

  • Suns Europe 2023 jaialdiko musika atalean parte hartzeko deialdia

2023ko urriaren 13tik 28ra Suns Europe jaialdia egingo da Italiako Udine hirian eta Friuli eskualdeko beste zenbait tokitan, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Hizkuntza gutxituak ardatz dituela, musika eta arte eszenikoetara bideratuta dagoen jaialdia da Suns Europe. Friuleraz ´suns´ hitzak ´soinuak´ esan nahi du.

Deialdi honek proposamen musikalak soilik hautatzea du helburu, eta taldeek zein bakarlariek eman dezakete izena. Izen-emateko epea martxoaren 26an bukatuko da. Deialdiaren oinarriak eta izena emateko informazioa kontsutatu daiteke hemen.

SUNS EUROPEko Batzorde Artistikoak aukeratuko ditu artista parte hartzaileak. Hautaketa 2023ko apirilaren 16an egingo da. Eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie ebazpena posta elektronikoz. Antolakuntzak aukeratutako artistak jaialdiaren itxiera ekitaldian zuzenean jotzera gonbidatuko dituzte. Antolatzaileek ahalegin guztiak egingo dituzte parte hartzen duten artistei haien musika-ekoizpena erakusteko aukera emateko jaialdiko beste ekitaldi batzuetan.

Suns Europe 2009an sortu zen, Alpeetako komunitate gutxituen arteko topaketa gisa, baina 2015etik aurrera jaialdiaren helburua zabaldu zuten, eta jaialdia Europa osoko hizkuntza gutxituetan sortutako musikaren, arte eszenikoen, zinemaren eta literaturaren arteko elkartrukerako topagunea bihurtu zen. Musika atalak musika-ekoizpen originalenak eta berritzaileenak ikusaraztea du helburu.

Urtero, SUNS Europek hizkuntza gutxituetan sortutako produkzio artistikorik onenak saritzen ditu. Jaialdiaren helburua hizkuntza komunitate txikien sektore kultural eta sortzaileak indartzea da, batez ere hizkuntza horietan egindako arte garaikidea sustatzeko. Horren harira, hizkuntza gutxituen berme diren beste hainbat jaialdik ez bezala, Suns Europek kultura horiek ez ditu tradizio eta folklore moduan ulertzen, baizik eta etengabeko bilakaeran eta eraberritzean oinarritutako elementu moduan.

 

etxepare.eus

  • Epea 2023(e)ko Martxoak 2(e)tik 2023(e)ko Martxoak 26(e)ra
  • EntitateaSuns Europe
  • Deialdi-motaParte-hartzerako deialdia
  • SektoreaMusika
  • JardueraZabalkundea
  • OnuradunakPertsona fisikoak, Pertsona juridikoak

Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.