Udal Bandak ?Muga harmonikoak? kontzertua eskainiko du martxoaren 1ean, asteazkenean
Gasteizko taldeak Antonio Serrano harmonika-jotzailea izango du gonbidatu gisa
Gasteizko Principal Antzokian izango da Udal Musika Bandaren abonamenduko bosgarren kontzertua, datorren asteazkenean, martxoaren 1ean, arratsaldeko 19:30ean, ‘Muga harmonikoak’ izenburupean. Gasteizko taldeak Antonio Serrano harmonika-jotzailea izango du bakarlari gonbidatu gisa.
Kontzertua aurkezteko gaur goizean egindako prentsaurrekoan hartu dute parte Gasteizko Udal Musika Bandako zuzendariak, Luis Orduñak; artista gonbidatuak, Antonio Serranok; eta Eduardo Moreno konpositoreak.
Luis Orduñak azaldu duenez, “denboraldi honetan muga guztiak gainditu nahi ditugu, entzulea harrituta utziz eta benetako bitxikeriak proposatuz. Imajina al zenezaketen harmonika bat Bandako kontzertu bateko musika-tresna bakarlaria izan zitekeenik? Hemen duzue bada, musikari dagokionez mugaz gaindiko programa batean, Sara Galiana konpositorearen lanekin eta Eduardo Morenoren eta bakarlariaren, Antonio Serranoren, estreinaldiekin.
Bestalde, Serranok eskerrak eman nahi izan dizkie Gasteizko Udal Musika Bandari eta haren zuzendari Luis Orduñari kontzertu honetan parte hartzeko egindako gonbidapenagatik. “Niretzat oso berezia da; izan ere, jatorrizko bi lanekin bandarako konpositore gisa egin dudan debuta da eta, gainera, Eduardo Morenok niretzat bereziki idatzi duen lan bat estreinatzeko pribilegioa dut”.
Eduardo Moreno, gainera, oso pozik dago ohikoa ez den musika-tresna hau, harmonika, sakon ezagutzeko aukera izan duelako. “Interpretatzaile bikain honentzat, Antonio Serranorentzat, eta Gasteizko Udal Musika Bandarentzat musika konposatu ahal izatea oso aberasgarria eta pozgarria izan da”, adierazi du.
Errezitaldia Antonio Serranok konposatutako ‘Obertura sobre un tema popular chino’ lanarekin hasiko da; gero Sara Galianaren ‘La Odisea’ eta Antonio Serranoren ‘Suite Alhambra, harmonika eta bandarentzat’ eta Eduardo Morenoren ‘Preludio’ lanaren egokitzapena eta George Gershwinen ‘Rhapsody in blue’ iritsiko dira, Antonio Serranoren moldaketekin.
Antonio Serranori buruz
Antonio Serrano harmonika jotzen birtuosoa, gaur egungo jazz arloko musikari ezagunenetako bat eta gure herrialdean jarraitzaile gehien dituen musikarietako bat da. Erraztasun tekniko txundigarria eta ezagutza teoriko sakona ditu Serranok eta, gainera, moldakortasun musikal handia du. Hori guztia egin dituen kolaborazio ugarietan islatu izan du modu leialean. Bere musika-tresna eraginkortasun berberarekin erabiltzen du oso ezberdinak diren estiloetan: jazza, flamenkoa, popa eta musika klasikoa.
Artista entzutetsuekin eta Europako orkestra klasiko ugarirekin batera jo izan du hainbat agertokitan: Barbara Hendricks, Wynton Marsalis, Lou Bennet, Toots Thielemans, Vicente Amigo, Clarles Benavent eta Paco de Lucía bikaina, besteak beste.
Bere ibilbide oparoari esker, Jazz Flamenkoan Masters of Mediterranean Music saria eman zion 2014an Berklee Mediterranean Music Institutek estilo horri egindako ekarpen iraultzailea zela eta. Gainera, duela gutxi Grammy Latinoa jaso du ‘Entre 20 aguas: a la música de Paco de Lucía’ diskoaren grabazioan artista gisa izandako partaidetza aitortzeko.


