Merezitako aitortza euskal emakume zinemagileen lanari, liburu forman

  • Merezitako aitortza euskal emakume zinemagileen lanari, liburu forman

Euskadiko Filmategiak Euskal emakume zinemagileak (Cineastas vascas gaztelaniaz) liburua argitaratu du: gure zinematografian funtsezkoak diren emakumeei buruzko zenbait saiakera biltzen ditu. María Pilar Rodríguez Deustuko Unibertsitateko irakasle eta obraren koordinatzaileak xehetasun gehiago eman dizkigu.


Nola sortu zen liburuaren ideia? Zein da haren helburua?

Liburuaren ideia Joxean Fernández Euskadiko Filmategiaren zuzendariarena izan zen, baina euskal zinematografia gertutik bizi dugun askok lehendik ere beharrezkotzat jotzen genuen, zenbait arrazoirengatik. Hasteko, 2014ko udako ikastaroaren harira Euskal zinema: zinemagileen hiru belaunaldi. Cine vasco: tres generaciones de cineastas argitaratu zen (2015), eta horri esker zuzendari gizonezko nahiz emakumezkoen panorama errazago ulertu ahal izan zen denboran zehar. Eta euskal emakume zinemagileen lanean sakontzeko beharraz jabetu ginen; izan ere, ordura arte ez zitzaien jaramon handirik egin idazketa akademikoaren ikuspuntutik.

Gainera, liburuak bi helburu betetzen ditu: alde batetik, euskal zinematografiaren kontu ematea emakumezko zuzendariek zenbait genero eta formatutan (film luzeak, film laburrak eta dokumentalak) egindako lanen bidez, eta, bestetik, lan artistiko horiek ikuspegi akademiko eta dibulgatzailearen bidez aztertzea. Agerikoa da euskal emakume zuzendarien film-ekoizpenak ez duela presentzia handirik izan testuinguru zinematografikoan, eta soilik azken urteetan hasi dela esperantzagarria izaten; are agerikoagoa da, ordea, kritikak eta azterlan akademikoek ez dituztela modu sendo eta barneratzailean aztertu euskal emakume zinemagileak.


Liburua lau zatitan banatu duzue. Zeintzuk dira eta zer jorratzen da bakoitzean?

Halaxe da. Liburua lau atal nagusitan banatu da. Lehen atalean, "Ikuspegi globalak", hiru ekarpen daude, eta, elkarrekin, euskal emakume zuzendarien film-ekoizpenaren berri ematen dute zenbait ikuspegitatik: gaiak, generoa nola irudikatzen den edo filmen dibertsitate estetiko eta formala..., Zehazki, Carlos Roldán Larreta, Casilda de Miguel eta Iratxe Fresnedaren ekarpenak biltzen ditu. Bigarrenaren izena "Generoak, formatuak eta moldaketak" da, eta euskal emakume dokumentalisten begirada (María Marcos Ramos) eta Kimuak programak film laburren arloan egindako lana (Ainhoa Fernández de Arroyabe, Iñaki Lazkano eta Nekane Zubiaur) aztertzen ditu, nazioz haraindiko ekoizpenak jorratzen ditu (Cristina Ortiz Ceberio), eta, azkenik, literatura-obren egokitzapen zinematografikoak lantzen (Mari Jose Olaziregi). Hirugarrenak, "Ekoizpena, distribuzioa eta harrera", elkarte eta jaialdiek emakumeek egindako zinema sustatu eta agerian jartzeko egindako ahalegina jasotzen du, baita harrera kritiko eta akademikoaren aurrerapena ere, Javier Sánchez Zapatero eta Izaskun Arandiaren ekarpenen eta Bilbo eta Iruñean egiten diren emakumeen bi zinema-erakusketaldien zuzendariei egindako elkarrizketen bidez. Azkenak, berriz, "Hiru emakume zinemagile", euskal zinemako hiru figura entzutetsu ditu hizpide: Ana Díez, Helena Taberna eta Yannick Bellon.


Nola landu zenuten edukia? Parte-hartzaile bakoitzak erabaki zuen zeri buruz idatzi edo aldez aurretik hartutako erabakia izan zen?

Parte hartu duten guztiak zeuden aurretik gutxi-asko espezializatuta aztertu duten gaian. Batzuk espezialistak dira euskal zineman, esate baterako Carlos Roldán Larreta, Casilda de Miguel eta Iratxe Fresneda; Kimuak programari buruzko kapituluko egileek argitaratu dute gehien gai horri buruz eta haiek ezagutzen dute gaia ondoen, eta horrela da kasu guztietan. Editore naizen aldetik, erabateko askatasuna izan nuen kolaboratzaileak aukeratzeko, eta Joxean Fernándezekin izandako elkarrizketetan oinarrizko gaiak eta kasu bakoitzean ekarpen handiena egin zezaketen pertsonak aztertu genituen.


Historikoki zer-nolako harrera egin izan diete kritikak eta publikoak euskal emakume zinemagileek zuzendutako obrei? Behar bezala balioetsi dituzte?

Hasteko, emakumeek zuzendutako fikziozko film luzeak oso berandu hasi ziren, eta gaur egun ere gutxi daude. Zinematografia nazional guztietan daude desorekak gizon eta emakumeen ekoizpenen artean; hala ere, Euskadiren kasua, alde batetik, oso berantiarra izan da emakumeak filmen zuzendaritzan sartzeko orduan. Lehen film luzea Ana Díezena da, Ander eta Yul. 1989 urtera arte arte itxaron behar izan zen. Espainian, zinema mutua aintzat hartu gabe, berrogeita hamarreko, hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan hasita zeuden Ana Mariscal (El camino, 1963), Josefina Molina (Vera, un cuento cruel, 1974; Función de noche, 1981) eta gauza bera Europako beste herrialde batzuetan ere (Frantzia, Agnes Varda: La felicidad, 1965; Nadine Trintignant, 1969: Krimenen lapurra (Le Voleur de crimes). Emakumezko zuzendariek XXI. mendearen hasierara arte izandako presentzia prekario horrek ondorio esanguratsuak ditu. Carlos Roldán Larretak liburu honetan bertan adierazten duen moduan, emakumeek egindako filmen gorakadak gure gizartea osorik ulertu ahal izateko ezinbesteko begirada bat ematen dio zinemari, eta emakumezko ikusleei identifikatzeko moduko erreferenteak ematen dizkiete.


Maider Oleaga, Iratxe Fresneda, Estibaliz Urresola, Maddi Barber, Lur Olaizola, Alauda Ruiz de Azúa... ezinbesteko izenak dira Euskadiko ikus-entzunezkoen testuinguruan. Zein da zinemari eta, oro har, gizarteari egin dioten ekarpena?

Horiek eta beste emakume batzuk, belaunaldi belaunaldi, hainbat genero eta formatu betetzea lortzen ari dira, eta, lehenengoz, aitorpen handia dute estatuko eta nazioarteko jaialdi eta sari-banaketetan. Dokumentalen eta film laburren arloan, euskal emakume zinemagileek esperimentatzeko eta egikaritzeko maila handia erakutsi dute, eta fikziozko film luzeek protagonismo handiagoa dute orain.


Nola baloratzen dituzu Kimuak, Noka Mentoring edo Zinemakumeak gara! eta antzeko proiektu eta ekimenak emakumezko zinemagileak ikusarazteko? Zer azpimarratu beharko litzateke?

Batez ere, Hemen Euskadiko ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkartea aipatu beharko litzateke. Liburu honetan Izaskun Arandiak idatzitako kapituluan dago jasota. Elkarte horiek ezinbestekoak dira, eta liburuko kapitulu batek "zinefeminismoa" kontzeptua aztertzen du, hau da, testuinguru espezializatutan emakumeek filmak erakustea ahalbidetzen duten espazio eta praktika material nahiz espezifikoak. Ana Gutiérrez Zinemakumeak gara! erakustaldiaren zuzendariak eta Elena San Julián Iruñeko Zinema eta Emakumeen Nazioarteko Erakustaldiaren zuzendari ohiak parte hartu dute kapituluan, eta Euskal Herrian, hurrenez hurren, 1996az eta 1987az geroztik egindako lan garrantzitsuaren berri ematen dute. Kapituluak bi erakusketaldien helburuen eta urteetan zehar egindako jardueren berri ematen du: proiekzio, tailer, topaketa eta mahai-inguruak izan ditu hizpide, eta guztien atzean dago konpromiso feminista irmoa. Horrek aukera eman die berdintasuna sustatzeko eta zinemaren plataforma baliatzeko: emakumeek sortutako zinema aztertu dute hausnarketarako gai gisa filmak zein testuinguru sozial eta politikotan dauden jakiteko, baina baita zenbait herrialdetako printzipio estetikoak eta ibilbide zinematografikoak azpimarratzeko ere. Elkarte horien lana ezinbestekoa izan da, ez soilik ikus-entzunezko kultura eta feminismoa sustatu dituen ingurune batean prestakuntza, laguntza eta elkartasuna eskaintzeagatik, baita euskal emakume zinemagileen aldeko apustuak audientziek haien obrak ezagutzen lagundu duelako ere.

Bestalde, Kimuak programak aukera eman die emakume egileei nire ustez euskal zinematografiaren lan abangoardistena dena garatzeko, euskal emakume zinemagileen film laburren bidez.


Liburuaren laugarren eta azken blokea Yannick Bellon, Helena Taberna eta Ana Díez zinemagileei buruzkoa da. Zergatik haiek?

Azken atalak liburu monografiko baten xede izan diren hiru zuzendariei buruzko hiru ekarpen jasotzen ditu (Yannick Bellon. La mirada de frente, La luz de un sueño. El cine de Helena Taberna eta Los paraísos perdidos. El cine de Ana Díez), baita Euskadiko Filmategiaren atzerabegirako bat ere.

Emakumezko zuzendari aitzindariak dira; zuzendutako film luze asko eta obra ausartak dituzte, entzuleek espiritu kritikoa izatera eta zenbait arlotan justizia soziala sustatzera bideratuak. Gainera, kasu gehienetan genero-ikuspegiaren aldarrikapen argia egiten dute.


Liburua amaitzeko, emakumeek zuzendutako filmen aurkibidea dago. Film horiek ikustea da aintzatespenik onena?

Garrantzitsuena beti da zinema-aretoetara joatea, filmaz gozatzea eta haiekin ikastea. Itxaropenez begiratzen diegu orainari eta etorkizunari, zenbait filmek lorpen bikainak izan baitituzte. Adibidez, Cinco lobitos (Alauda Ruiz de Azua), Espainiako film onenaren Urrezko Biznaga irabazi zuen Malagako Zinema Jaialdian, eta zuzendariak, gidoi onenaren saria irabazi zuen. Horrez gain, Esti Urresolaren 20.000 especies de abejas filma mundu-mailan estreinatuko da Berlinale jaialdiko atal ofizialean. Hezkuntza-, gizarte- eta kultura-mailako aldaketei esker aurrerapauso horiek eman ahal izan dira, talentua beti egon baita hor. Euskal zinematografiaren garapenak, Moriartiko zuzendariek (Jose Mari Goenaga eta Aitor Garaño), Asier Altunak eta beste zuzendari batzuek estreinatutako film garrantzitsuekin, behin betiko bultzada eman dio euskarazko zinemari nazioartean, eta horri esker entzuleen harrera-giroa ere hobea da. Amaitzeko, gogorarazi behar da Euskadiko Filmategiak hiru urteko zikloa duela (2021, 2022 eta 2023), euskal emakume zinemagileei buruzkoa.


(2023ko otsailaren 24an argitaratutako Berezia)