Euskal Zinemaren Astea itzuliko da eta 2022ko film onenak ekarriko ditu, baita "Cinco Lobitos" filmak lortutako hiru Goya sariak ere

  • Euskal Zinemaren Astea itzuliko da eta 2022ko film onenak ekarriko ditu, baita

Alauda Ruiz de Azuaren filmak ‘Zuzendari berri onena’, ‘Emakumezko aktore protagonista onena’ eta ‘Bigarren mailako emakumezko aktore onena’ sariak eskuratu zituen. Telmo Iruretak tarte bat lortu zuen edizio honetako palmaresean ‘Gizonezko aktore berri onena’ saria irabazi baitzuen, ‘La consagración de la primavera' filmean egindako lanagatik   

Abonuak eta sarrerak gaurtik aurrera daude salgai www.fundacionvital.eus webgunean, Kordoi Etxean eta leihatilan emanaldi bakoitza hasi baino ordubete lehenagotik aurrera, sarrerarik balego    

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailak 13.- Vital Fundazioak antolatua den Euskal Zinemaren Astea bere urteroko hitzordua betetzera itzuliko eta 39. edizio burutuko du, 2022an ekoitzitako film onenen eskutik. Otsailaren 20tik (astelehena) 25era (larunbata), publikoak sei film luze eta bost labur ikusteko aukera izango du, eta ondoren solasaldi bat egingo da protagonistekin. Emanaldiak 19:30ean hasiko dira Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua, Vitoria-Gasteiz) eta abonamenduak (15 €) eta sarrerak (4 €) gaurtik aurrera daude eskuragarri www.fundacionvital.eus webgunean eta Vital Fundazioaren egoitzan (Aiztogile kalea 24, Kordoi Etxea).

Euskal Zinemaren hogeita hemeretzigarren Astea gaur aurkeztu dute Txus Ruano antolakuntza arduradunak (Vital Fundazioa) eta Kepa Sojo jaialdiaren koordinatzaileak. Sonia Estevez eta Alberto Gastesi zinema zuzendariak ere lagun izan dituzte.

Vital Fundazioak euskal profesionalek aurreko urtean egindako edo ekoitzitako lan zinematografiko onenak ekartzen ditu urtero Vitoria-Gasteizera. Edizio honetan Alauda Ruiz de Azúa zuzendari bizkaitarraren ‘Cinco lobitos’ lana nabarmentzen da, Goya sarietarako hamaika izendapen izan baititu eta irabazi ere hiru Goya sari irabazi zituen larunbateko galan, ‘Zuzendari berri onena’, ‘Emakumezko aktore protagonista onena’ eta ‘Bigarren mailako emakumezko aktore onena’ sariak, hain zuzen ere. Ezin ahaztu ‘La consagración de la primavera' filma, ‘Gizonezko aktore berri onena’ saria ekarri baitio Telmo Iruretari; edo ‘Irati’, Paul Urkijo zuzendari gasteiztarraren lana.

“Vital Fundazioaren Euskal Zinemaren Astean mantendu dugun ezaugarri bat jaialdi parte-hartzailea izatea da; izan ere, publikoak epaimahai-lana ere egiten du, eta emanaldi bakoitzaren ondoren bere botoa ematen du lan onenak aukeratzeko”, azpimarratu du Txus Ruanok. Emaitzak amaierako galan jakinaraziko dira. Bertan, film luze onenaren eta film labur onenaren sariak emango dira, eta ‘Gutako bat’ saria emango zaio Arabako zinemako profesional garrantzitsu bati. 

“Aurtengo 39. edizio honen eskutik, euskal talentu zinematografikoarekin dugun konpromisoa indartzen jarraitu nahi dugu, eta horren erakusgarri da aurten emango diren bost film laburrek Vital Fundazioaren laguntza izan dutela ekoizteko”, Ruanok gaineratu duenez. 

Programa

Astelehenean, hilak 20, inaugurazio galaren ondoren, Imanol Ortizen ‘N-666' beldurrezko film laburra eta Mikel Gurearen 'Suro' emango dira.

‘N-666’, Ane Lekanda eta Erik Probanza ditu protagonista, eta bere mugikorrean hainbat argazki errepasatzen ari den bitartean, gauez gidatzen ari den gazte baten istorioa kontatuko digu. Egun horretako argazkiak ikustean, haietako batzuetan, presentzia arraroa ikusiko du. Autoa gelditzean, bakarrik dagoela egiaztatuko du, al ez? Imanol Ortiz estatuko eta nazioarteko jaialdi ugaritan hautatutako eta saritutako lan askoren zuzendaria eta gidoilaria da.

‘Suro’ bi Goya saritarako izendatuta dago, emakumezko aktore onena Vicky Luengoren lanerako eta zuzendari berri onenaren saria Mikel Gurrearen lanerako; eta FIPRESCI eta Euskal Zinema Saria jaso zituen Donostiako azken Zinemaldian. Bere lehenengo film luzean, Helena eta Ivanen istorioa kontatu du Gurreak, artelatz basoetan bizitza berri bat eraikitzeko asmoa dute biek, baina lurrean bizitzeko moduari buruzko ikuspuntu ezberdinak azaleratuko dira, eta horrek kolokan jarriko du bikotearen etorkizuna.

Asteartean, hilak 21, ‘Los días que (nunca) fueron’ eta ‘La Consagración de la primavera’ lanen txanda izango da. Kevin Iglesiasen eta Pedro Riveroren film laburrean, hiru pertsonaia beren bizitzako unerik onena bizitzeko zorian daude, fenomeno arraro bat agertzen den arte. Zuzendari biek irabazi dituzte Goya sariak eta nazioarteko beste sari batzuk, aurreko lanengatik.

‘La Consagración de la primavera’ lanak Fernando Franco du zuzendari, eta, beste aktore batzuen artean, Emma Suárez da protagonista. Goya sarietan izendapen bi ditu: gizonezko aktore berri onena Telmo Iruretarentzat eta emakumezko aktore berri onena Valeria Sorollarentzat. Bilbean, Laura Madrilera iritsi berri da Unibertsitatean ikastera. Gau batean, ezustean, David ezagutuko du, garuneko paralisia duen mutil bat. Dena posible den bizi-une horri buruzko istorioa da, eta ustekabeko topaketak bizitzan erabakigarriak izan daitezkeela kontatuko du. Zuzendari berri onenaren Goya saria irabazi zuen Francok, eta lau aldiz izendatu dute zuzendari onenaren atalean.

‘Cinco Lobitos’ asteazkena den hilak 22ko protagonista nagusia da. Alauda Ruiz de Azuaren lehenengo film luze hau Berlinaleko Panorama sailean aurkeztu zen, Europako film onenaren Gaudi saria jaso du, eta 2022ko Malagako Jaialdiko garailea izan zen, bost sari lortu baitzituen. Laia Costa, Susi Sánchez eta Ramon Barea ditu protagonista, eta Goya sarietarako izan dituen hamaika izendapenetatik hiru irabazi ditu: Ruiz de Azuak ‘Zuzendari berri onena’ saria jaso zuen larunbateko galan, Laia Costak ‘Emakumezko aktore onena’ saria eta Susi Sanchezek ‘Bigarren mailako emakumezko aktore onena’ saria.

‘Cinco Lobitos’ sentimenduei buruzko istorio bizia da: Amaia ama izan berri da. Bikotekidea hilabetetan izango da urrun, eta bera ez da haurra zaintzeko eta bere lana berreskuratzeko gai. Gurasoen etxean babestea erabakiko du, Euskal Herriko kostaldeko herri polit batean. Baina bizitzak beste asmo batzuk ditu, ama gaixotu egingo da eta Amaiak zaindu beharko ditu guztiak. Kanpoan dagoen bikotekidea duen etxekoandre bihurtuko da, eta haurtxoa nahiz amona gaixoa zaindu beharko ditu. Alaba guztien ama bihurtuko da.

‘Txotxongiloa’ hitzordua irekiko duen film laburra da. Sonia Estévez du zuzendari eta gela batean itxita, lurrean etzanda eta geldirik dagoen emakumezko txotxongilo baten istorioa da. Hainbat esperientziaren ondoren, pixkanaka sokak gorputzari atxikituko zaizkio, eta haren mugimenduak gero eta arinagoak izango dira.

Osteguna den hilak 23ko hitzordua ‘Erroak' film laburraren eskutik hasiko da. Lan horretan, Sergio Azkaratek Arabako landa-eremuaren despopulazioaren errepasoa egingo du, biztanleen bitartez. Ondoren, Alberto Gastesi zuzendariaren ‘Gelditasuna Ekaitzean' filma emango da. Zuzendari hori oso gaztetan hasi zen lanean; izan ere, hamahiru urte zituela egin zuen bere lehenengo film laburra. ‘Gelditasuna Ekaitzean' filmaren argumentuan, Lara Parisetik itzuliko da Telmo bikotekidearekin, eta Donostian finkatuko dira behin betiko. Daniel ez da inoiz hiritik atera; orain Vera bere neska-lagunarekin bizi da eta bere amaren etxe-agentziarako egiten du lan. Lara eta Danielen bizitzak elkarrekin gurutzatzen dira salgai dagoen etxebizitza batera egindako bisitan, baina agian hau ez da topo egin duten lehenengo aldia. Iraganaren eta orainaren artean, beste garai batean beste bide batzuk har zitzaketen bi pertsonen maitasun-istorioa aztertuko du.

‘Tula’ eta ‘El Vasco’ ostiralean, hilaren 24an, emango dira. Beatriz Silvaren lehenengo lan garrantzitsua den film labur horretan, emakumezkoen ikastetxe bateko komunak garbitzeaz arduratuko da Tula. Bere lanaldia aldatu egingo da zuzendariaren hamalau urteko alabak haurdun dagoela aitortzen dionean. Jabi Elortegi haurrentzako programa eta telesail sarituen zuzendaria da, hala nola Goenkale edo Go!azen. ‘El Vasco’ filmean Mikelen istorioa aurkeztuko digu. Mikelek bizitza aldatzea erabaki du, eta Argentinara joateko eta bertan bizitzeko urruneko ahaide baten gonbidapena onartuko du. Laster konturatuko da bere osaba ludopata eta edale jatorra dela, eta ez duela eskaintzeko ezer. Dena korapilatuko da osabaren ama hamar urteko lozorrotik esnatzen denean, Mikeli haur-kanta bat euskaraz abesten entzutean. Une horretatik aurrera, herri osoa elkartu eta ahalegin guztiak egingo dituzte Doloresi sinetsarazteko oraindik Bermeo bere jaioterrian bizi dela, 50eko hamarkadan.

39. edizio hau larunbatean amaituko da, hilak 25, Itxiera Gala eta sari banaketaren eskutik. Paul Urkijoren 'Irati' filma aukeratu da horretarako. Zuzendari gasteiztarrak arrakasta handia lortu zuen ‘Errementari' bere aurreko filmari esker, eta ‘Irati’ filmak Goya sarietarako bost izendapen lortu ditu, gidoi egokitu eta musika onena barne, baita Sitges-eko Zinemaldiko Publikoaren Saria ere. Idatzi eta zuzendu dituen filmek 130 sari baino gehiago irabazi dituzte nazioan eta nazioartean, eta 400 hautaketa baino gehiago munduan zehar. ‘Irati’ VIII. mendean girotua dago. Karlomagnoren armadak Pirinioak astinduko ditu, eta aurre egiteko, haraneko buruzagi menditarrak laguntza eskatuko die bertako jainko zaharrei. Odolezko itun baten bidez, etsaia garaituko du ordainetan bere bizia emanez, baina aurretik bere seme Enekori zin eginaraziko dio haranerako buruzagi ona izango dela. Urte batzuk geroago, Eneko, jada heldua eta kristau sinesmenekoa, bere hitza betetzeko prestatzen ari da, baina, egoera bitxian, frankoei harrapatutako altxorraren ondoan lurperatutako aitaren gorpua desagertuko da, eta bere leinua zalantzan jarriko da. Enekok berreskuratu egin beharko ditu bere patua betetzeko, eta horretarako Irati izeneko lekuko neska pagano baten laguntza beharko du.

Abonuak eta sarrerak  

Abonamenduak (15 €) eta sarrerak (4 €) gaurtik aurrera daude eskuragarri www.fundacionvital.eus webgunean eta Kordoi Etxean, astelehenetik ostegunera 8:30etik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era eta ostiralean 8:30etik 14:00etara. Era berean, egun bakoitzeko saiorako sarrerak eros daitezke Vital Fundazioa Kulturuneako leihatilan, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik aurrera, leku librerik balego.

 


  • DataOtsailak 14
  • Gaia Ikus-entzunezkoa