Deialdi honen xedea artista bat hautatzea da Kunsthaus Bregenz zentroan (Austria) bere arte proiektua garatzeko, erakunde horren eta Bilbao Arte Fundazioaren artean ezarritako truke programaren barruan.
Lankidetzak bi helburu ditu: EAEn bizi diren artistei nazioartekotzen laguntzea eta beren heziketa eta profesionalizazioa sustatzea. Horretarako, bi hilabeteko egonaldia eskainiko da Bregenz-en (Austria).
Kunsthaus Bregenz-i buruz
Kunsthaus Bregenz arte garaikideko erakusketen nazioarteko zentroa da. Asmo handiko erakusketa programa eta arkitektura paregabea duenez KUB zentroa nazioarteko ospea du arte eta arkitektura zaleen artean. Peter Zumthor arkitekto suitzarrak planeatu zuen, Vorarlberg estatuaren izenean, eta 1990 eta 1997 urteen artean eraiki zen. Peter Zumthorrek Europako arkitekturako Mies van der Rohe saria irabazi zuen 1998an Kunsthaus zentroarekin. 2009an, Pritzker saria eman zioten, arkitektoentzako saririk garrantzitsuena.
Artistak gonbidatuta daude arkitekturaren aurrean erantzutera eta harekin sinbiosian aritzera. Hori dela eta, erakusketako obra gehienak zentroan bertan eginda daude, bereziki, zentro horrentzako. Kunsthaus Bregenz zentroko erakusketek eta proiektuek artisten ideiak egi bihurtzea ahalbidetzen dute. Erakusketa bakoitzak aldatu egiten ditu egin eta pentsa daitekeenaren mugak. Artisten ikuspegiak, eskuz egindako zirriborro landugabeak edo eredu txikiak doitasun handiz egindako proiektu bihurtzen dira. Teknologiaren, artistaren eta komisarioaren eta talde osoaren arteko konfiantzazko lankidetzari esker baino ez da posible hori gertatzea. Horri lotuta, arduradunek tokiko industriako eta merkataritzako bazkideekin lankidetza estuan aritzeko konfiantza dute.
Orain arte, Kunsthaus Bregenz zentroan mundu osoko ehun artista baino gehiagori obra berritzaileak (eta batzuetan, berdingabeak ere) erakusteko espazioa eskaini zaie. Lan horiei esker, KUBek nazioarteko ospea lortu du arte garaikideko beste zentro batzuen artean.


