Ekaitz Goikoetxea: "Aforismoa ekaitzaldi bat da, trumoi txikiak lehertu behar lizkiguke geure baitan"

  • Ekaitz Goikoetxea:

Ekaitz Goikoetxea sortzaileak "Balio erantzia" aforismo sorta argitaratu du Balea Zuria argitaletxearen eskutik, Felipe Juaristik hitzaurrean esaten duen bezala, "hitz egoki eta neurtuekin egia esateko" hirurehun ahalegin baino gehiago. 

"Arau gisa proposatzen den esapide laburra" da aforismoa, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, baina Ekaitz Goikoetxea Asurabarrenak (Beasain, 1980) beste hainbat deskribapen iradokitzaile gehigarri bildu ditu "Balio erantzia" liburuan (Balea Zuria, 2022) esakune horietarako, hala nola "aforismoaren maxima minimoetara jotzea" dela.

Ahalik eta hitz gutxienekin ahalik eta gehien esateko ariketan ari da Goikoetxea lan honetan, hizkuntza bihurrituz ("ariketa beti da harik eta", "gosea ez da pasatzen, geratu egiten da", "hor dena kaosa da") zein egunerokoak gure apatiak lagunduta bihurritutako ideiak arteztuz ("behar bada, / beharbada soberan", "guztiona bada, guztia ona ez duen seinale", "iragana ar(r)aroa izan da"). Arau gisa proposatzen den esakunea da aforismoa, beraz, baina buruan ezarrita ditugun arauak eraisteko arma gisa ere erabiltzen ditu Goikoetxeak "Balio erantzia"n.

Egilearekin hitz egin dugu lanari buruz.   

Zein dira aforismoaren mugak? Zer eskatu diozu sortu duzun ale bakoitzari, liburura biltzeko?

Hitza da aforismoaren muga. Isiltasunaren eta hitzaren arteko lurraldea da aforismoarena; izan ere, hain da ederra isiltasuna, hain iradokitzailea, hainbesteko esanindarra du, bera urratzeko darabiltzagun hitzek gutxien-gutxienean isiltasunaren neurrira egon behar baitute.

Horretarako ezinbestekoa da zehatza eta neurritsua izatea. Eta, hain zuzen ere, horretan saiatu naiz "Balio erantzia" liburuan; oro har, unibertsalak izan daitezkeen gaien inguruan (bizitza-heriotza, denbora, izatea, identitatea, hizkuntza, isiltasuna…) pentsamendua eta hizkuntza ahalik gehien bihurritu eta neure (h)egiak agerian jartzen, hitza jokoan jarri eta jolasten, jokoa ematen dutenak baitira jolasak. 

Aforismoa araua omen, baina literaturak eta "Balio erantzia"ko aforismoek ez dituzte, bada, zalantzan jartzen arauak? Nola uztartzen dira aforismoaren berezko biribiltasuna eta literaturaren zalantzazkotasuna?

Gehien-gehienetan, goitik beherako sententzia, baieztapen borobilak, izaten dira aforismoak, bai. Nireak ere hala dira gehien-gehienak, baina nireak dira, nire egiak, hartzailearenekin askotan bat eta beste askotan talka egingo dutenak. Egiak bai baititu bere hegiak, eta borobiltasunak bere ertzak.

Aforismo batzuekin identifikatu egingo gara eta gure pentsamendu eta sineskeren lelo eta goiburutzat ere hartuko ditugu askotan. Zirikatu, probokatuko gaituzten aforismoak ere badira, eta ederra da hori ere, eragin dizun seinale, asaldura, haserrea, irakurketa osteko hausnarketaren ondorio izango baita beti.

Aforismoa ekaitzaldi bat da, tximistak begiak ez ezik gainerako zentzumenak ere erakarri eta handik gutxira trumoi txikiak lehertu behar lizkiguke geure baitan. Halakorik eragin ezean, esaldi polit bat izango da agian, hitz-joko bat, okurrentzia bat akaso. Baina aforismoa ez.

eitb.eus

  • DataOtsailak 3
  • Gaia Literatura