Mikel Gurrea ("Suro") eta Alauda Ruiz de Azua ("Cinco lobitos") nabarmendu dituzte Gaudi sarietan
Zuzendari berri onenaren saria jaso du Gurreak, "Suro"gatik. "Cinco lobitos", bestalde, Europako film onentzat jo dute.
EITB partaide den bi euskal pelikulek, Suro-k eta Cinco Lobitos-ek, golardoa jaso dute bart Gaudi sarien XV. edizioan (Kataluniako Zinema Akademiak urtero banatzen dituen sariak).
Mikel Gurrea zuzendari donostiarra beste hiru izendatuei (Avelina Prat, Carlota Gonzalez-Adrio eta 'Laura Sistero) gailendu zaie, eta berak eraman du azkenean Zuzendari berri onenaren saria. Aurretik ere hamaika golardo jaso ditu Suro luzemetraiak, besteak beste, Euskal Zinemaren Irizar saria eskuratu zuen Zinemaldian, baita Fipresci saria ere. 10 izendapen zituen Gaudi sarietan.
Saria jasotzean, "aurten bere lehen filma egin duten pertsona guztiei" eskaini die saria, "oso zaila baita". Nabarmendu duenez, pelikula egiteko ondoan izan duen lantalde tekniko eta artistiko guztia edukiko luke berriro beste edozein film egiteko.
Zuzendari berri onenaren sariaz gain, beste bi golardo eskuratu ditu Suro-k: Pol Lopez eta Vicky Luengo aktoreek, hurrenez hurren, gizonezko aktore onenaren eta emakumezko aktore protagonista onenaren saria jaso baitute.


