Kulturaren arloko dirulaguntzak eta deialdiak erraz eta azkar aurkitzeko bilaketa-sistema bat izango du KULTURKLIK PRO atariak aurrerantzean

  • Kulturaren arloko dirulaguntzak eta deialdiak erraz eta azkar aurkitzeko bilaketa-sistema bat izango du KULTURKLIK PRO atariak aurrerantzean

Bilatzaile berriak, gaurko egunez, epea irekita daukaten 50 deialdi baino gehiago biltzen ditu, denak ere euskal kulturgintzan eta sormenean dabiltzan erakunde, profesional eta enpresei bereziki zuzenduak.

Kulturklikek, euskal kulturaren inguruan gertatzen den guztia zabaltzeko eta bultzatzeko erreferentziazko atariak, askotariko deialdiak bilatzeko tresna bat txertatu du berriki. Horri esker, dirulaguntzen eta bestelako laguntzen edo parte-hartzerako prozesuen deialdiak aurkitu ahal izango ditu erabiltzaileak (bekak, lehiaketak, sariak, erresidentziak eta mentoretzak). Kulturklik PRO gunean dago bilatzailea, euskal kulturgintzako eragileen prestakuntza eta profesionalizazioa sustatzeko eremuan.

Kulturklik PROk baditu zenbait zerbitzu interesgarri kulturaren arloko profesionalentzat. Aipagarrienetako bat “Laguntzak eta dirulaguntzak” izenekoa da, eta hor txertatu da bilatzaile berria. Tresna horrek erreferente izan nahi du beren kultura-proiektuak bultzatzeko baliabideak bilatzen dituztenentzat, bai tokian-tokian, bai autonomia-erkidegoan, bai estatuan, bai nazioartean. Kulturklik da gaur egun Euskal Herriko laguntza eta dirulaguntza gehien biltzen eta egituratzen dituen web plataforma.

Errealitate kulturala askotarikoa da, eta hori bilatzaileak eskaintzen dituen baliabideen espektroan islatzen da. Tresnak edozein aldizkari ofizialetan (tokikoa, autonomikoa, estatukoa edo nazioartekoa) argitaratutako dirulaguntzak nahiz jaialdi edo ekitaldietan parte hartzeko deialdiak biltzen ditu. Era berean, lehiaketa, sari edo beka kulturalak bilatzen dituztenentzat ere baliagarria da. Bestalde, bilatzaileak erresidentzia edo laborategi gisako laguntzak ere jasotzen ditu, non sortzaileak bere sorkuntza-prozesurako beharrezko azpiegitura edo zerbitzua eskuratu dezakeen; baita mentoretzak ere, sektore bakoitzeko sortzaile hasiberriei irakasteko edo euren prozesuan bidelagun izateko laguntzak.

Bilatzaile berri honi esker, kultura-ekintzaren balio-katearen arabera antolatu daiteke informazioa; hala, honako parametro hauek zehaztuz egin daiteke bilaketa: “ekoizpena”, “sorkuntza”, “ikerketa”, “bitartekaritza”, “erakusketa”, “zabalkundea”, “banaketa”, “sustapena” eta “kudeaketa eta kudeaketako laguntza”.

Gainera, Kulturklik PROn dauden laguntzen fitxetan informazio zehatza jasotzen da, besteak beste, laguntza sustatzen duen erakundeko kontaktu-pertsona, deialdiak atxikita daraman aurrekontu-zuzkidura baita deialdi bakoitzaren oinarriak ere, oso-osorik, kontsultatu ahal izateko.

Kulturklik PROk zerbitzu interesgarri ugari eskaintzen dizkie kulturaren arloko profesionalei. Gaurkotasuneko informazioaren eta gure lurraldean egiten diren ekitaldi profesionalen berri ematen du, eta, gainera, argitalpen-katalogo zabala biltzen du. Azpiegitura eta ekipamendu nagusien direktorioa ere badauka, eta, beraz, Euskal Herriko kultura-arloko enpresa, erakunde eta eragileen mapa.

Kulturklik, 10 urte baino gehiagoko ibilbidearekin, euskal kulturaren inguruan gertatzen den guztiaren bozgorailu eta bultzatzaile izateko asmo sendoarekin jaio zen. Horretarako, bi gune bereizi ditu, bata herritarrei zuzendua eta bestea kultura- eta sormen-sektoreetan lan egiten duten profesionalei zuzendua.

Elkarreraginerako bokazio argia du Kulturklikek, eta plataforma irekia eta partekatua izan nahi du. Horregatik, ezinbestekoa da eragile kulturalen partaidetza Kulturklik hobetzeko eta elikatzeko prozesuan, informazio esanguratsua helaraziz; era berean, plataformak dituen tresnen bidez beren ekintzen hedapen zabalagoa lortuko dute.  

Dirulaguntzen bilatzailea


  • Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak, Museoak, Ondarea, Artisautza, Bestelakoak, Bideo-jokoak, Diseinua