Rotterdamen izango du nazioarteko debuta "A los libros y las mujeres canto" lanak
Maria Elorza euskal zinemagilearen opera primak Rotterdamgo Nazioarteko Zinema Jaialdian izango du nazioarteko estreinaldia. 2023ko urtarrilaren 25etik otsailaren 5era bitartean ospatuko da IFFR festibalaren 52. ekitaldia, eta Bright Future sailean erakutsiko dute filma.
Gaztelaniaz eta italieraz filmatua, 72 minutuko iraupena du Donostia Zinemaldiaren 70. ediziotik arrakastatsu igarotako Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto proiektuak. Ostean, azaroaren 15ean, ZINEBI64 jaialdiko Beautiful Docs – Munduko dokumentalen panorama atal ez lehiakorrean erakutsi zuten, eta segidan, hilaren 22an, L’Alternativa Bartzelonako Zinema Independentearen Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zuen. Baina, nazioartera begira ere badago Elorza.
Rotterdamgo Nazioarteko Zinemaldiaren 52. edizioan izango du zinemagile gasteiztarraren film luzeak nazioarteko estreinaldia. 2023ko urtarrilaren 25etik otsailaren 5era bitartean gauzatuko da festibala, eta Bright Future sailean parte hartuko du, zinema garaikidearen abangoardia irudikatzen duten beste zazpi opera primekin batera.


