Zabaldu da EAE-ko ekonomiari buruzko doktorego-tesi onenaren I. Alberto Alberdi Sarirako eskaera-epea

2022-05-27

Atzo, maiatzak 26, osteguna, zabaldu zen Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiari buruzko doktorego-tesi onenaren I. Alberto Alberdi Sarirako eskaera-epea. Epea ekainaren 26ra arte egongo da zabalik, egun hori barne.

Sariaren lehen edizio honetarako oinarri arautzaileen arabera (www.euskadi.eus/servicios/1208701), Saria emateko prozeduran soilik parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko edozein unibertsitatetan 2019ko urtarrilaren 1etik 2022ko ekainaren 26ra bitartean defenditu eta onartu diren doktorego-tesiek.

Epaimahaikideen artean puntuaziorik handiena jasotzen duen tesiaren egileak 6.000 euroko konpentsazio ekonomikoa jasoko du, eta haren ikerketa-lana eta lanaren ondorio nagusiak argitaratu eta zabalduko dira.

Gobernu Kontseiluak joan den maiatzaren 3an onartu zuenez, sari honek 2020. urtera arte Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuko sailburuorde izandakoaren izena darama, bere ibilbideko zerbitzu publikoko printzipioen eta balioen aitorpen gisa. Alberto Alberdiren karrera profesionalak, lankideen aitorpena eta errespetua jaso zuenak, zerbitzu-bokazioa eta analisi eta lanerako gaitasun nekaezina uztartu zituen, euskal ekonomia eraldatzeko eta produktiboago eta, aldi berean, zuzenago eta bidezkoago bihurtze aldera.

Halaber, Sari hau tresna egokia izango da gazteak euskal ekonomia ikastera eta ikasketa horretan sakontzera bultzatzeko, baita ikertzaile gazteak Alberto Alberdiren lidergoak markatutako ibilbide profesionalari jarraitzera gonbidatzeko ere.

Horrekin batera, hauek dira, besteak beste, deialdi honen helburuak: ikerketa-potentziala azaleratzea; ekonomiaren arloan talentua eta interesa duten gazteak aurkitzea; haien ikerketa-karrera hasiberria erraztea; ekonomia aplikatuaren arloko ikerketa bultzatzea; eta gure gazteen gaitasun intelektuala eta talentua euskal ekonomia hobetzeko aprobetxatzea.