Urtarrilaren 22tik 26ra bitartean, tranbia Abando eta Casilla artean baino ez da ibiliko, Arriagako bihurgunean obrak egin behar direlako

Argitalpen-data: 

Urtarrilaren 22tik 26ra bitartean, biak barne, Bilboko tranbia Abandoko eta Casillako geralekuen artean baino ez da ibiliko, Arriaga Antzokiaren parean dagoen bihurgunean trenbidea berritzeko lanak egin behar direlako. Lan horiek egiteko, zerbitzu barik utzi beharko dira Atxuri eta Abando arteko zirkulazioak, trenbide bakarreko tartea delako.

Trenbidea berritzeko, funtsean, higatutako erreiaren ordez errei berria jarriko da. Hori dela eta, beharrezkoa izango da tranbiaren plataforma altxatzea, Bidebarrieta kalearen eta Arriaga plaza Areatzarekin lotzen duen oinezkoentzako pasabidearen arteko 100 metroko tartean.

243.247,00 euroko aurrekontua duten lanak urtarrilaren 22ko 00:00etan hasiko dira eta urtarrilaren 26ko gauera arte iraungo dute. Urtarrilaren 27ko lehen zerbitzutik aurrera, zirkulazioak normaltasuna berreskuratuko du.

Euskotrenek eskaintzen duen zerbitzuaren aldaketa, lanen eragina jasaten duten tranbiaren geralekuetan dauden kartelen bidez adieraziko da, baita sareko gainerako geralekuetan dauden informazio-pantailen bidez ere. Euskal Trenbide Sareak eta Euskotrenek, lanek sortuko dituzten eragozpenez jabetuta, aldez aurretik barkamena eskatu gura diete inguruan bizi diren pertsona guztiei eta zerbitzuaren erabiltzaileei.

Arriagako bihurgunea

Ordeztu beharreko trenbideak 20 urte ditu, eta 10 minuturo tranbiaren trafikoa jasan du bi noranzkoetan, trenbide bakarrean, eguneko ordu gehienetan.

Erreia aldatzeaz gain, trenbideko armamentua hobetu gura da. Horretarako, plaka gaineko beste trenbide sistema bat jarriko da, ondorengo mantentze-lanak errazagoak izan daitezen, oraingo honetan egin behar den bezala plataforma eraitsi behar ez dadin. Armamentu horren diseinuarekin, gainera, horrelako erradio-kurba txikia duen bihurguneak sortzen duen zarata arindu gura da.

Lanak 24 orduko tartean egingo dira, lan zaratatsuak edo eragozpenak sortzen dituztenak gaueko ordutegian atseden hartzeko eskubidea kaltetuko ez duten ordutegi-tarteetan egiten saiatuz.

Tranbia zerbitzua obrek irauten duten bitartean

Arriagako bihurguneko lanek irauten duten bitartean, tranbien zerbitzu komertziala eten egingo da Atxuriko eta Abandoko geralekuen artean, eta Abando eta Casilla artean baino ez da zirkulatuko, bi noranzkoetan.

Beraz, Atxuriko, Erriberako eta Arriagako geralekuak zerbitzu barik geratuko dira urtarrilaren 22tik 26ra, biak barne.

Bost egun horietan, Abando eta Casilla arteko tranbien ordutegiak aldaketak izango ditu. Hala, larunbat arratsaldean, urtarrilaren 22an, tranbiak 15 minuturo ibiliko dira, bi noranzkoetan. Bestalde, urtarrilaren 24ko, 25eko eta 26ko ordu gehienetan, maiztasuna 12 minutukoa izango da, bi noranzkoetan (normalean 10 minutukoa izaten da).

Erabiltzaileek informazio gehiago dute hemen:

- Tranbiaren geralekuetan

- Euskotrenen 944 333 333 telefono-zenbakian

- Webgunean: www.euskotren.eus                                 

- Twitterren: @euskotren

- Euskotrenen APP ofizialean