UNESCOren Bakearen Nazioarteko XX. Jardunaldia

2022-09-19

Tolosa bakearen nazioarteko hiriburu izan da egun batez, XX. Bakearen Nazioarteko Jardunaldia bertan ospatu baitu UNESCOk, Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Tolosako Udalarekin, TOPIC Zentroarekin eta Tolosako Ekinbide Etxearekin elkarlanean.

1981ean ezarri zuen, Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak, Bakearen Nazioarteko Eguna, eta ordutik irailaren 21ean ospatu ohi da. Ospakizun horren testuinguruan, azken bi hamarkadetan bakearekin lotutako hezkuntza eta sentsibilizazio publikoko ekimenak biltzen dituen jardunanaldi bat antolatu izan du urtero UNESCOk. Mundu mailako hitzordua da, urtero lekuz aldatzen dena. Bada, hogeigarren ediziorako, Euskal Herria hautatu dute egoitza nagusi izateko, eta, arteak eta gazteriak bakea lortzeko duten zeregina azpimarratu nahi izan dute gaurkoan Tolosan, hain zuzen, hiribilduaren ezaugarri kultural nagusienetako bi batuz: arte korala eta txotxongiloak.

XX.Bakearen Nazioarteko Jardunaldiak babes zabala izan du euskal erakundeen aldetik, eta antolatutako ekimenetan parte hartu nahi izan dute instituzioetako ordezkariek. Besteak beste, Tolosan izan dira gaur Beatriz Artolazabal Albeniz, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; Jose Antonio Rodriguez Ranz, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuordea; Monika Hernando, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendaria; Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatua; Ion Gambra Ibarzabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari nagusia; Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea;
Begon"a Tolosa, Tolosako Udaleko Ogasun zinegotzia; Patxi Amantegi, Tolosako Udaleko Ingurumen zinegotzia; Xarles Iturbe, Tolosako Udaleko Merkataritza, Feriak eta Turismo zinegotzia; eta Estitxu Zaldua eta Juanjo Herrero, TOPICeko zuzendariak.