STEAM Euskadi: Gazteentzako Lanbide Orientazioko Topaketa

2022-10-17

  • Zientzia eta teknologia arloetako profesionalek euren lanbidea azaldu diete DBH eta Batxilergoko ehunen bat ikasleri
  • STEAM Sare ekimenaren baitan kokatu da jardunaldia, bokazio zientifiko-teknologikoak pizteko ikastetxe eta eragile sozioekonomikoen arteko sarean; Elhuyar eta Innobasque ere parte-hartzaile dira
  • Hezkuntza Sailak bultzatuta, UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea lankidetzan ari dira, zientzia eta teknologiaren arloko hogei bat enpresa eta erakunderekin batera, STEM arloetako errealitate profesionala Euskadiko ikasleei hurbiltzeko helburuz

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak DBHko eta Batxilergoko ikasleen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko topaketa berritzaile batean parte hartu du gaur goizean. Eva Ferreira UPV/EHUko errektorearekin batera, unibertsitate aurreko 100 ikasle inguru bildu dira Arabako Campusean. Bertan izan dira Euskadiko enpresa eta erakunde berritzaileenetako batzuetan lan egiten duten zientzia eta teknologiako 25 profesional ere.

Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi Estrategiaren barruan kokatzen da gaurko ekimena. Estrategia horren helburua da STEM irakaskuntzak (Science, Technology, Engineering, Mathematics) Euskadiko ikasle guztiei hurbiltzea, batez ere neskei. Estrategia horren barruan, STEAM Sare ekimenak ikasleek egunero Euskadin lan egiten duten enpresa eta zentro teknologikoetako jardun profesionala ezagutzea sustatzen du. Ekimen horrek bere ekitaldi nagusietako bat izan du gaur, eta Arabako lau ikastetxetako ikasleak zientzia eta teknologiako hainbat profesionalekin elkartu ditu.

Gaur goizeko ekitaldiak, Elhuyarrek eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolaturik, hitzordu azkarren formatu originala eta dinamikoa izan du. Ikasleak mahai bakoitzeko lau pertsonako taldeetan banatu dira, eta haiekin batera, hamabost minutuko txandetan, gonbidatutako profesionalak eseri dira, esperientziak ikasleekin partekatzeko. Denbora horretan zehar, eguneroko lanean zein erronka dituzten azaldu dute, honako enpresa eta erakundetako profesionalek: Aernova Aerospace, Eika, Global Dominion Access, Ideko, ITP Aero, Tecnalia, Mercedes-Benz eta UPV/EHU. Entzule eta galdetzaile izan dituzte Gasteizko Carmelitas Sagrado Corazón eta Urkide ikastetxeetako eta Aguraingo eta Amurrioko Aniturri eta Zaraobe Bigarren Hezkuntzako Institutuetako ikasleak, DBHko hirugarren eta laugarren mailetako eta Batxilergoko lehen mailako neska-mutilak. Hamabost minutu horiek amaitzean, profesionala mahaiz aldatu da, ikasle guztiek ekimeneko errealitate profesionalak ezagutzeko aukera izan zezaten.

Ekitaldia amaitzeko, UPV-EHUren Arabako Campuseko hainbat instalazio bisitatu dituzte, hala nola Farmazia Fakultatea, Ingeniaritza Eskola eta Lucio Lascaray eta Micaela Portilla ikerketa-zentroak. Instalazio hauetan garatzen diren STEAM diziplinekin lotutako ikerketa-lan batzuk ezagutu ahal izan dituzte ikasleek.

Astelehen, astearte eta asteazkena

Gaur burutu den ekitaldiaren ondoren, bihar Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa izango da zientzia eta teknologiako profesionalekin topaketa azkarrak egingo dituena, Orona Gallery eraikinean, Orona Ideo campuseko instalazioen barruan. Hainbat profesionalekin batera, Donostiako Zurriola Ikastolako ikasleek, Arrasateko bigarren hezkuntzako institutuek eta Tolasako Orixekoek parte hartuko dute.

Asteazkenean berriz, ekimena Deustuko Unibertsitatera eramango da, CRAI liburutegiko atriora. Han izango dira Mungiako Larramendi Ikastolako ikasleak, Muskizko Somorrostro heziketa zentrokoak, Arratzuko Barrutialde eta Bilboko Solokoetxe institutuetakoekin batera.

Ikasturte osoko jarduerak

Urte osoan zehar garatutako hainbat ekimenen bidez, berrogeita hamar bat ikastetxetako ikasleek energia, automobilgintza, aeroespaziala edo industria bezalako sektoreetan punta-puntako hogei euskal erakunde eta enpresatako profesionalen esperientzia errealak ezagutuko dituzte. Honako hauek dira egunotan Euskadiko hiru unibertsitateek hartuko dituzten hitzordu azkarretan parte hartuko dutela baieztatu dutenak: Aernnova Aerospace, BCAM-Matematika Aplikatuen Euskal Zentroa, EnergiGUNE Ikerketa Zentroa, CIE Automotive, Cikautxo, Donostia International Physics Center (DIPC), Eika, Gestamp, Global Dominion Access, Ideko, ITP Aero, Leartiker, Maier, Mercedes-Benz, Neiker, Orona, Sener Ingeniaritza eta Sistemak, Tecnalia edo Virtualware.

Bildarratz sailburuak eskerrak eman dizkie ekimen honetan parte hartzen duten enpresa guztiei, eta deia egin die beste enpresa batzuei ere, Hezkuntza Sailak zientzia eta teknologia Euskadiko ikasleei hurbiltzeko bultzatutako ekintzekin bat egin dezaten.