S&P-k Euskal Autonomia Erkidegoaren ratinga "AA-" mailara igo du "bi maila Estatuaren gainetik", estres-agertoki batean duen kreditu-kalitateagatik eta erresistentziagatik

Pedro_Aspiazu__5_.jpg

2022-04-01

Standard & Poor’s (S&P) kreditu-kalifikazioko agentziak hobetu egin du EAEko ratinga, eta ‘AA-’ mailara igo du, ikuspegi “egonkorraz”, agentzia horrek argitaratutako txostenean jasotzen denez. Hobekuntza hori, nabarmentzen denez, arrazoi honengatik justifikatzen du: “EAEk 2021erako gure aurrekontu-aurreikuspenak gainditu zituen, pandemiaren aurrean susperraldi ekonomiko handiagoa lortzeari esker”. Kalifikazio hori Estatuarena baino bi maila gorago dago, agentziak uste baitu “kreditu-kalitateak subiranoa baino sendoagoa egingo lukeela eskualdea estres-agertoki batean”, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak gaur Eusko Legebiltzarrean baieztatu duenez.

Zehazki, honako hau adierazten da: “2021ean sortutako superabitari esker, EAEk are gehiago handitu zuen bere likidezia-koltxoia, eta, ondorioz, bere likidezia ezohikotzat hartzen jarraitzen dugu. Gainera, kanpo-finantzaketarako eskuragarritasun sendoa du oraindik ere”.

Etorkizunari begira, agentziak honako hau adierazi du: “EAEren kudeaketa sendoa da eta 2023an aurrekontu orekatuetara itzultzeko gai da; nabarmentzekoa da EBko funtsak modu egokian erabiltzeko duen ahalmena”.

S&Pren ustez, pandemiaren arrisku ekonomikoei aurre egiten ari zaie —2021erako EAEko BPGd erreala % 5,7 hazi izanak erakusten duenez—, eta Ukrainako gerrak epe labur-ertainean sor ditzakeen konplikazioetan ere arreta jartzen da. “Ukrainako gatazkak aurreikuspen ekonomikoak apur bat oztopatu ditzakeela uste dugu, nahiz eta goizegi den horrek EAEko kontuetan izango duen eragina ebaluatzeko. Gure iritzian, EAEk Errusiako jarduerarekiko esposizio mugatua du, nahiz eta inflazio handiagoaren eta energiaren prezioek gora egitearen eragina jasan lezakeen”, jasotzen da txostenean.

Nazioarteko testuinguruan dauden ziurgabetasun horiek gorabehera, S&Pk uste du EAEko ekonomiak Estatuko batez bestekoak baino adierazle sozioekonomiko sendoagoak dituela. Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleko BPGd-a Estatuko altuenetakoa da, eta langabezia-tasa, egitura aldetik, Estatukoa baino txikiagoa du.

Egoeraren argazki horrek, hein handi batean, EAEko 2021eko aurrekontu-emaitzei erantzuten die; izan ere, “aurreratu genuena baino askoz ere sendoagoak izan ziren”, onartzen du agentzia horrek bere txostenean. Lurralde historikoetako zerga-bilketak % 14 gora egin zuen 2020aren aldean, eta gaur egun pandemiaren aurreko mailen gainetik dago.