Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren aurtengo deialdia martxa da, 9.000 euroko bi sarirekin

Argitalpen-data: 

RAKS_Rikardo_Arregi_kazetaritza_sariak-2362.jpg
  • Azaroan emango dira ezagutzera XXXIV. edizio honen irabazleak, Andoainen egingo den sari banaketa ekitaldian.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren aurtengo deialdia egin du Andoaingo Udalak, eta urtero moduan deialdiaren xehetasunak eman dituzte Andoaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. 

XXXIV. edizioa da aurtengoa eta, orain hiru urte hasitako berrikuntzei jarraiki, aurten ere bi sari izango dira: “Kazetaritza saria” eta “Komunikazio saria”. Gainera, finalistak ere izendatuko dira, Kazetaritza sarirako lau eta Komunikazio sarirako beste lau, gehienez. Sarituak izateko hautagaitzak proposatzeko aukera izango du edonork, nork bere buruaren edo beste norbaiten aldeko proposamena egin ahal izango duelarik, baina finalistak eta saridunak erabakitzeko ez da nahitaezko baldintza izango aldez aurretik hautagaitza aurkeztu izana. 

Irabazleak nortzuk diren azaroaren 30ean jakingo da, Andoaingo Bastero kulturgunean izango den sari banaketa ekitaldian. 

“Euskararen normalizazioak, ezinbestez, behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatezkoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua”: hori da Andoaingo Udalak urtero gogorarazten duen mezua eta, hain zuzen, Kazetaritza Sari hau hogeita hamalau urteotan antolatzeko arrazoia. Andoaingo Udalak deitu eta antolatzen duen Sari honek, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren dirulaguntza eta babesa jasotzen du, urtero bezala baita aurten ere.  

Alexander Huitzi Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi eta alkateordeak  azaldu duenez, “euskara indartuko badugu, behar-beharrezkoa da herritarron eguneroko bizimoduan hain garrantzitsuak diren kazetaritza eta komunikazioan euskarazko sorkuntza, zabalkundea eta kontsumoa sendotu eta areagotzea. Helburu horren aldeko aletxoa jartzea du helburu  Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak”.           

Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendariak  azpimarratu duenez “aro digitalaren garai honetan, komunikabide eraginkorrak, kalitatezkoak, anitzak, modernoak, herritarrekin harreman estua dutenak, gure kulturan ongi errotuak, euskara ardatz dutenak, teknologikoki ongi garatuak, berritzaileak, irudimentsuak, sustatu behar ditugu”. 

Bi sari nagusi banatuko dira: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Kazetaritza sariari dagokionez, 2021ko irailaren 16tik 2022eko irailaren 15era arteko tartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren kazetaritza-lanek izango dute saria eskuratzeko aukera.  Saria 9.000 eurokoa da, eta Xabier Lakak Sarirako berariaz egindako irudi artistikoa jasoko du saridunak. 

Eta Komunikazio saria eskuratzeko aukera izango dute, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen diren ekimenek. Betiere, 2021ko irailaren 16tik 2022eko irailaren 15era bitartean euskaraz sortu, ekoitzi eta, kasua bada, zabaldutako komunikazio ekintza bat, komunikazio proiektu bat edo komunikazio proposamen bat izan beharko da nahitaez. Epaimahaiak oso kontuan hartuko du ekintza edo proiektu komunikatiboak euskal komunitatea elikatzeko izan duen edo izan dezakeen inpaktua, eta horren ondoan kontuan hartuko du baita ere teknologiaren erabilera berritua. “Komunikazio saria” ere 9.000 eurokoa izango da, eta Xabier Laka eskultoreak egindako irudi artistikoa emango zaio irabazleari.

Gehienez ere zortzi finalista izango dira, eta finalistek, saridunek izan ezik, Xabier Lakak beren-beregi Rikardo Arregi Kazetaritza Sarirako sortutako irudiaren serigrafia jasoko dute.

Saridun izateko hautagaitzak (kazetaritza edo komunikazio lanak) irailaren 16ra bitartean aurkez daitezke, proposamenak Andoaingo Udalera posta arruntez bidaliz edota helbide elektroniko honetara igorriz: raks@andoain.eus. Finalista edo sariduna izateko ez da, halere, ezinbestekoa izango hautagaitza aurkeztea, epaimahaiak aukera osoa baitu bere proposamen propioak eztabaidatzeko, eta jasotako proposamenen eta epaimahaikideek beraiek  egin eta eztabaidatutakoen artean finalistak eta sariak erabakitzeko.

Epaimahaia ondorengo kideek osatuko dute: Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltza (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Maite Goñi (Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea eta komunikazioan aditua), Miren Gabantxo (UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitateko  Komunikazio Graduko irakaslea), eta Jon Sarasua (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua). Mahaiburua izango da Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna, Alexander Huitzi, eta idazkaria, Andoaingo Udaleko Euskara teknikari

XXXIV. edizio honetako finalistak nortzuk diren azaroaren hasieran emango du ezagutzera epaimahaiak, eta sari banaketako ekitaldia azaroaren 30 iluntzean izango da Andoainen, Bastero kulturgunean.