Pedro Azpiazu: "Gerakinak behar-beharrezkoak dira jarduteko gaitasuna izateko"

2022-04-06

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua Radio Euskadiko "Boulevard" saioan izan da gaur, eta berak zuzentzen duen sailarekin zerikusia duten hainbat gai aztertu ditu.

Gaur goizean Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak azpimarratu du gerakinak behar-beharrezkoak direla jarduteko gaitasuna izateko. “Kritikatzen dutenek, gobernatuko balute, soberakinak izango lituzkete. Eta bestela, gaizki gobernatuko lukete”, adierazi du.

Eusko Jaurlaritzak, 2020an, Europak zerga-arauak lasaitu zituenean, soberakinak metatzeko behar baino gehiago zorpetu zen. Azpiazuk adierazi du soberakina legez erabil daitekeenean erabiltzen dela. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, 1.400 M/€ bideratu dira Covid programara, 180 M/€ ZAP programara, 250 M/€ aparteko inbertsioetara eta 528 M/€ berriki onartutako Inbertsio Estrategikoen Planera.

Soldatei eta inflazioari buruz galdetuta, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak azpimarratu du eragile ekonomiko, sozial, patronal, sindikatu eta Gobernuaren arteko itun handi bat neurri egokia litzatekeela. "Akordio batek kostu horiek modu bidezkoagoan banatzea ahalbidetzen du", gaineratu du. Arazo globalagoak direla eta, Euskadik, soilik, ezin duela inflazioaren arazoa konpondu adierazi du, eta errenten itun batek zentzu handiagoa duela estatu mailan egitea uste du, “baina Euskadin akordioa egotea ere garrantzitsua da”.

Pedro Azpiazuren iritziz, soldata egungo inflaziora igotzea ez litzateke egokia izango, “inflazio horren zati handi bat koiunturala delako”. Sailburuaren arabera, arduratsuak izan behar dira igoera planteatzerakoan.

Hazkunde ekonomikoari dagokionez, Azpiazu sailburuak nabarmendu du hazkundea moteltzen ari den arren, % 4,5 hazten ari garela, “hau da, dezente hazten ari garela eta enplegua sortuko dugula”. Ildo horretan, esan du gaur egun ekonomia ez doala gaizki, baina egia dela gerrak eragina izan duela, eta ondorioz, munduko ekonomiak behera egingo duela.

Europako Funtsei dagokienez, Azpiazuk aitortu du oso albiste gutxi daudela. “Iristen ari dena oso gai zehatzetarako iristen ari da. Proiektu estrategikoetarako baliabideak ez dira iristen ari”, gaineratu du. Gainera, Lehendakariak duela 6 hilabete bidalitako 3 proiektu estrategikoren proposamenari emandako erantzuna “nahikoa ez dela eta zehaztasunik gabea dela” adierazi du. “Hori esanda, Euskadik jada ekin die baliabide propioekin”, azpimarratu du.

Energiaren prezioari dagokionez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak azpimarratu du Europaren desakoplamenduaren erabakia funtsezkoa dela inflazioaren arazoa konpontzeko.