Pedro Azpiazu ELGA-ra joango da Euskal Ekonomia-Ituna Nazioarteko Fiskalitate berrira nola egokitzen den aztertzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko adierazle ekonomiko eta sozialak azaltzeko

ocde.jpg

2022-01-21

 

Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk bisita instituzional bat egingo du urtarrilaren 27an eta 28an Europako Behatoki Fiskalera —Paris School of Economics-en mendekoa— eta ELGAra, Euskal Ekonomia Ituna nazioarteko errealitate fiskal berrira egokitzeko formula aztertzeko, eta bi foroetan Euskal Autonomia Erkidegoaren adierazle ekonomiko eta sozialak azaltzeko, BPGd-tik haratago doan ikuspegi ekonomiko batean lan egiten jarraitzeko.

Ostegunean, urtarrilak 27, Europako Zerga Behatokiko Ikerketa zuzendari Panayiotis Nicolaides-ekin eta Pariseko Eskola Ekonomikoko kideekin bilduko da euskal ordezkaritza. Topaketa horrek Euskal Ekonomia Ituna eta bere testu arauemaile dinamikoaren profila lehen eskutik sakonago ezagutzeko balioko du, nazioarteko errealitate fiskal berrira egokitzen doan heinean.

Horren haritik, joan den abenduan Diputatuen Kongresuan Ekonomia Ituna aldatzen duen Lege Proiektua onartu izanaren berri emango da. Aldaketa horri esker, merkataritza elektronikoaren finantza-transakzioen, zerbitzu digitalen eta BEZaren gaineko zergetan uztailean egindako Batzorde Mistoan adostutako aldaketak sar daitezke —horiek guztiak errealitate fiskal berri bateko figurak dira—.

Hurrengo egunean, urtarrilaren 28an, zenbait bilera egingo ditu ELGAko ordezkariekin, besteak beste, Ekonomia Saileko zuzendari eta ekonomista buru Laurence Boone-rekin.  

Bilera horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko adierazle ekonomikoei buruzko ikuspegia partekatu nahi da, eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzak bere Garapen Jasangarriko Estrategiarekin eta GJHekin dituen konpromisoekin bat etorriz ezarritako “BPGd-a baino haratago” bideratutako kudeaketa publikoko planteamenduan sakontzen jarraitu.

Azpiazu izango da Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuorde Jordi Campasek eta Ogasuneko sailburuorde Itziar Agirrek osatutako ordezkaritzaren burua.