Patogenotasun handiko hegazti gripearen foku berri bat Iruña Okan

Oca.jpeg

2022-11-18

• Hegazti basatien izurritearen aurrean, lehentasuna da baserriko hegaztiak ez kutsatzea.

• Administrazioak eta hegazti-sektoreak zaintza indartu dute eta gaixotasuna prebenitzeko neurriak hartuko dituzte.

NEIKEReko Animalien Osasun eta Baliabide Naturalen Laborategiak H5N1 patogenotasun handiko hegazti-gripeko (PHHG) kasu berri bat hauteman du Langraiz Okako parke batean hilda aurkitu den antzara batean. Kasu berri hori Salburua inguruan (Vitoria-Gasteiz) antzaretan aurkitu diren hegazti-gripearen beste bi fokuei gehitu behar zaie. Udan, Euskadin, gaixotasun horren 16 foku deklaratu dira zangetan, eta horrek agerian uzten du hegazti basatietan birusa dagoela. Europa azken urteetako hegazti-gripearen epidemia larrienetako bat ari da bizitzen.

Hegazti-gripeak espezie guztiei eragin diezaieke, eta galera ekonomiko larriak eragin ditzake Euskadiko hegazti-sektorean. Hortaz, eskortako hegaztiak kutsatzetik babestea lehentasuna da.

Horretarako, Arabako Foru Aldundiak indarrean dagoen legedian aurreikusitako prebentzio-neurriak aktibatu ditu. Neurri horien artean bi hauek jasotzen dira: foku horiek eragindako udalerrietan hegaztiak konfinatzea eta hegaztien presentzia debekatzea abeltzaintza-azoka, -merkatu eta -lehiaketetan.

Halaber, eta euskal hegazti-sektorearekin lankidetzan, birusa garaiz detektatzeko zaintza indartu da, gaixotasuna geldiarazteko foku berriak agertzen badira. Gainera, gaixotasunari eta susmoa dagoenean jarduteko moduari buruzko informazio materiala sortu da. Material hori hegazti-ustiategiei eta hegaztiekin kontaktuan egon daitekeen pertsona orori banatu zaie.

Birusak pertsonak kutsatzeko duen potentziala txikia da, eta, edonola ere, ezin zaie transmititu pertsonei hegazti-haragia, arrautzak edo hegazti horietatik eratorritako edozein elikagai kontsumituta. Hala ere, eta birusaren zirkulazioa ekiditeko, gomendatzen da ez manipulatzea hilda edo hilzorian dauden hegazti basatiak, eta berehala jakinaraztea larrialdi-zerbitzuei 112 telefono-zenbakiaren bidez, foru-zerbitzu ofizialek bil ditzaten.