Osasuneko Sailburuak balioan oinarritutako arretari buruzko ICHO-en biltzarrik handienean parte hartuko du

2022-10-31

  • Boston hirian egingo den biltzarrean Euskadik presentzia adierazgarria izango du, eta Gotzone Sagardui sailburuak, balioan oinarritutako medikuntzaren alde Euskadik egin duen apustua azaltzeaz gainera, bilerak egingo ditu osasunaren arloko ikerketaren eta berrikuntzaren esparruan erreferente diren erakunde publiko eta pribatuekin
  • Bidaia egingo da berriki onartu den Osasun-arloko ikerketa- eta berrikuntza-estrategian jasotako bi jarduera-ildo nagusiren barruan: espezializazioa eta nazioartekotzea
  • Balioan oinarritutako medikuntzaren helburua osasunean emaitzarik onena lortzea da, pazienteei esperientziarik onena emanez ahalik eta modurik efizienteenean

 

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak Bostonen egingo den International Consortium for Health Outcome Measurements (ICHOM) nazioarteko biltzarrean parte hartuko du. Balioan oinarritutako arretari buruzko nazioarteko biltzarrik handiena da, eta bertan sakonduko dira, besteak beste, osasun-sistemen etorkizunarekin eta egungo erronka demografiko, epidemiologiko eta sozialekin zerikusia duten gaiak, soluzio eta zerbitzu digitalen ahalmena osasun-arretan, arreta ekitatiboa eta inklusiboa emateko mekanismoak eta finantzazio-eredu berriak. Gainera, biltzarra egiten den egunetan, Osasun Sailaren ordezkaritza osasunaren arloko erakunde garrantzitsuekin elkartuko da, eta horien egoitzak bisitatuko ditu.

Euskadi Nazioarteko Biltzar honetako mahai-inguru batean izango da, eta bertan Osasuneko sailburuak parte hartuko du mundu-mailako beste agintari batzuekin batera, horien artean izango dira Holandako Osasuneko ministroa (Ernst Kuipers), Singapurreko Osasun Ministerioko Mediku Zerbitzuen zuzendaria (Daphne Khoo dk.) eta Estatu Batuetako Kalitatearen Foro Nazionalaren lehendakaria (Dana Gelb Safran) eta Medicareren eta Medicaiden Berrikuntza Zentroko Estrategia zuzendaria (Purva Rawal dk.).

Alde horretatik, sailburuak Euskadi-Basque Countryko Euskal Osasun Sistema aurkeztuko die bost kontinenteetako herrialdeetatik iritsiko diren parte-hartzaileei, eta “Euskadi osasunaren arloko ikerketaren mapan kokatzeko” aukera izango da. Gotzone Sagarduik osasunaren arloan, eta, zehazki, balioan, hau da, pazienteei segurtasuna eta gogobetetasuna ematean, oinarritutako medikuntzaren arloan, Euskaditik garatzen diren ekimenak azalduko ditu.

 

BALIOAN OINARRITUTAKO MEDIKUNTZA

Balioan oinarritutako medikuntzaren helburua osasunean emaitzarik onenak lortzea da, pazienteei ahalik eta modurik efizienteenean esperientzia onena eskainiz. Osakidetza estrategia korporatibo bat ezartzeko lanean ari da biztanleriaren osasun-emaitzak hobetzeko, sistemarako beharrezkoak ez diren kostuak murrizteko, etorkizunean jasangarria izan dadin, eta pazienteen iritzia kontuan hartuta.

Bostongo ICHOM Biltzarra balioan oinarritutako arretari buruz nazioartean egiten den biltzarrik handiena da, bai eta garrantzitsuena ere; izan ere, partzuergo honen fundatzaileek, Harvard Business Schooleko Michael Porter buru zela, sartu zuten lehenbiziko aldiz balioan oinarritutako arretaren kontzeptua, osasun-sistemen paradigma-aldaketa dakarrena. ICHOM partzuergoaren ekarpenik esanguratsuenetako bat pazienteari gehien axola zaizkion emaitzen neurketaren definizioa da, eta neuri horiek mundu osoko osasun-sistemetan sar ditzaten sustatzea.   

 

BESTE TOPAKETA BATZUK

Urriaren 29tik azaroaren 3ra bitartean egingo duen bidaia horretan, biltzarrean parte hartzeaz gainera, Osasun Sailaren ordezkaritza ofizialak enpresa eta erakunde hauek bisitatuko ditu, besteak beste: Moderna farmazia-enpresaren instalazioak; Mass General Cancer Centre, neurozientzietan aitzindaria den Biogen korporazioaren egoitza zentrala; Solid Biosciences, Duchenne gaixotasunaren bikaintasun-zentroa; Langer Lab, materialen zientzian eta bioteknologian espezializatuta dagoena; eta ROCHE Foundation Medicine, medikuntza pertsonalizatuan aditua. Bisita planifikatu horiek Euskadi Basque Country eta osasun-ikerketaren arloko bertako jarduera ezagutarazteko aukera emango dute, bai eta, besteak beste, medikuntza pertsonalizatuaren eta terapia aurreratuen arloetan ibilbide esanguratsua egin dutelako nabarmentzen direnengandik ikasteko eta horiekin esperientziak partekatzeko aukera ere.

 

Bidaia egingo da berriki onartu den Osasun-arloko ikerketa- eta berrikuntza-estrategian jasotako bi jarduera-ildo nagusiren barruan: espezializazioa eta nazioartekotzea.