Osasuneko aurrekontua, beste behin ere, handitu egin da, eta, 2023an, 4.638,9 milioi eurokoa (+% 6) izango da; hala, pertsonako 2.000 "-ko muga gaindituko da

2022-11-03

 

  • Oraingo honetan ere, Gobernuan zuzkidura handiena duen saila da; osasun-gastua, biztanleko, 2.114 eurokoa da. Osakidetzak 3.733 M €-ko aurrekontua izango du, eta, haietatik, % 65 langileetara zuzenduko da eta 117 M€ inbertsioetara
  • Eusko Jaurlaritzak, aurtengo urrian Osakidetzaren plantilla handitu eta beste 2.467 postu gehiago sortzea onartzeaz gainera, 2023rako kontuetan beste 919 plaza gehiago aurreikusten ditu; hala, Euskadiko Osasun Zerbitzuaren egiturazko plantillak 31.000 pertsona izango ditu
  • Inbertsioei dagokienez, honako hauek dira nabarmentzekoak: Bizkaian, Basurtoko Ospitalean eta Bolueta eta San Inazioko (Bilbo) eta Zallako osasun-zentroetan aurreikusitakoak; Gipuzkoan, protonterapia eta Alde Zaharra, Altza eta Loiolako (Donostia) eta Tolosaldea, Ordizia, Bergara, Elgoibar eta Aretxabaletako osasun-zentroetakoak, eta, Araban, AUOaren bigarren faserako eta Gasteizko Alde Zaharreko, Laudioko eta Oiongo osasun-zentroetarako aurreikusitakoak edo anbulantzia medikalizatu berria ezartzeko aurreikusitakoak

 

Osasun Sailaren aurrekontuak, 2023an, 4.638,9 milioi eurokoak izango dira, 2022ko aurrekontuaren aldean % 6 handiagoak (256,9 milioi). Hala, azken urteotan izan den etengabeko hazkuntzari eusten zaio: % 5,9 gehiago 2022an, 2021arekin alderatuta; % 4 gehiago 2021ean, 2020arekin alderatuta, eta % 6 gehiago 2020an, 2019arekin alderatuta.

Oraingoan ere, zuzkidura ekonomiko handiena duen saila da, Urkullu Lehendakariaren Gobernuaren konpromiso solidarioarekin bat etorriz; aurrekontu osoko 4 eurotik 3 haren politika sozialetara bideratzen ditu.

Etengabeko ahalegin horren helburua da, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuaren hitzetan, desberdintasunik gabeko osasun hurbilagoa eta pertsonen zerbitzura dagoena lortzeko bidean aurrera egitea, osasunarekin eta ongizatearekin zerikusia duten politika publikoak sustatuz.

2023ko aurrekontu-partidak dakar biztanleko 2.000 euroko muga gainditzea, eta 2.114 eurora iristea; alegia, % 25 inguruko hazkuntza izango da, pandemiaren aurreko azken urteko (2019) zifrarekin alderatuta.

 

OSAKIDETZAREN XEHAKAPENA

Ildo horretatik, herritarrentzako zuzeneko osasun-arreta da 2023an aurrekontu-hazkuntza handiena duena. Hala, Osakidetzari bideratutako zuzkidura berriro hazi da, zehazki, % 6, eta 3.733 milioi eurora iritsi da.

 

Langileak

Kopuru horretatik, bi heren baino gehiago (% 65) langileetara zuzentzen da; haren gastua iazko ekitaldiko 2,264 milioi euroetatik 2023ko 2.426 milioietara iritsi da.

Joan den urrian, Gobernu Kontseiluak Osakidetzak azken bi hamarkadotan izan duen plantillaren hazkuntzarik handiena onartu zuen, 2.467 plaza guztira (haietatik, 358 Lehen Mailako Arretarako); hala, Euskadiko Osasun Zerbitzuaren egiturazko plantillak 30.073 postu ditu. Hala ere, gaur Osasuneko Sailburuak berak iragarri duenez, Aurrekontuen Lege Proiektuak aurreikusten du beste 919 egiturazko plaza gehiago gehitzea; hala, 31 mila pertsona inguru (30.992) izango dira.

 

Inbertsioak

Inbertsio berrien kapituluak, 2023rako, 117 milioi euroko kopurua aurreikusten du. Honela banatuko da: 38 milioi obretan; 34 instalazioetan; 22 ekipamenduetan; 12 milioi informatikan eta 11 milioi eraldaketa digitala ezartzen duten proiektuetarako Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismokoak.

Lurraldeen arabera:

  • ARABA: Txagorritxuko AUOko II. fasea; Gasteizko Alde Zaharreko, Laudioko eta Oiongo osasun-zentroak, eta lurralde honetako Larrialdietako Osasun Garraio Sarearen zuzkiduraren hazkuntza.
  • BIZKAIA: Basurtoko UOko kanpo-kontsultak eta Bolueta eta San Inazioko (Bilbo) eta Zallako osasun-zentroak.
  • GIPUZKOA: protonterapiaren instalazioa eta Alde Zaharra, Altza eta Loiolako (Donostia) eta Tolosaldea, Ordizia, Bergara, Elgoibar eta Aretxabaletako osasun-zentroak.

Osakidetzaren baterako zerbitzuek eta azpiegiturek 89 milioi euroko zuzkidura dute, honako hauetarako: erradiologia digitala, ekografia, monitorizazioa eta kirofanoen ekipamendua.

 

NABARMENDU BEHARREKO BESTE PARTIDA BATZUK

Ikerketara bideratutako aurrekontua 2,4 milioi eurokoa da, eta % 20 hazi da, aurreko urtearen aldean. Osasunerako eta pertsonen zaintzarako helburuaren barruan, osasun-erakundeak buru izango dituzten terapia aurreratuen garapena eta ezarpena nabarmendu behar dira.

Arreta soziosanitarioari % 0,8ko hazkuntzarekin eutsi zaio, kontuan hartuta aurten, aurrekoetan bezala, ahalegin handia egin dela plaza soziosanitario berriak sortzeko, foru-aldundiekin elkarlanean. Gainera, aldundiekin eta Eudelekin sinatutako hitzarmenen bidez, juridikoki, ekonomikoki eta administratiboki finkatu da.

Osasun Publikoaren kapituluak % 1,3ko hazkuntza izan du, 2022ko aurrekontuetako % 9,7ko igoeraren ondoren.

Farmaziako gastuak % 5,6 egin du gora; alegia, 27,6 milioi euro gehiago. Hazkuntza hori prestazio farmazeutikoan asko nagusitzen diren patologiak tratatzeko indikazio berriak dituzten medikamentuak sartzearen ondorioz gertatu da; horrela, aldi berean, berrikuntza terapeutikora jotzeko aukera zabaltzen da.