Osasun Sailak kontaktu estuen proba diagnostikoak kolektibo kalteberetan zentratuko ditu

2022-01-11

  • Osakidetzak proba diagnostikoak egiteko sistema irisgarria izateko bide emango die kolektibo kalteberei

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak agerraldia egin du, gaur goizean, prentsaurrekoan, “kontaktu estuen” kasuan adostutako azken jarraibideen berri emateko, bai eta EAEko epidemiologiako, asistentziako eta txertaketako datuen berri emateko ere.

Hori horrela, Sagarduik esan du Osasun Saila urratsak emateko ahalegina egiten ari dela, kolektibo kalteberenetara errazago eta modu eraginkorragoan heltzeko, haiek baitira seigarren olatu honen ondorio larrienak jasaten ari direnak.

Azaldu duenez, orain arte, kasu positibo baten kontaktu estutzat jotzen diren pertsonak guztiei eskatu izan zaie Osakidetzari jakinarazteko, Osakidetzak proba diagnostiko baterako hitzordua bidal ziezaien, SMS bidez. Orain, berriz, talde hori mugatu egingo da, eta kolektibo kalteberetako kontaktu estuei baino ez zaie egingo proba diagnostikoa:

  • 70 urteko edo gehiagoko pertsonak
  • Immunodeprimituak
  • Haurdun dauden emakumeak
  • Edo gaixotasun kroniko moderatua-larria (bilakaera luzeko diabetesa edo kontrol txarrekoa, gaixotasun hepatiko kronikoa, giltzurrunetako gaixotasun kronikoa, besteak beste) erregistratuta dutenak

Gainerako biztanleek prebentzio-neurriak zorrotz bete beharko dituzte eta erne egon, sintomak agertzen ote diren.

 

Nola eskatu hitzordu diagnostikoa?

Esan du, bestalde, Osakidetzak proba diagnostikoak egiteko sistema irisgarria izateko bide emango diela kolektibo kalteberei, denboran luzatu gabe hartu ahal izateko hitzordua, proba diagnostikoa egin diezaieten, hiru modutara:

  • Euskadi.eus web-orriko “Nola jokatzen dut?” ataleko inprimakiaren bidez
  • Osasun-zentrora deituz.
  • Eta, gainera, Osakidetzak BIDE ZUZENA gaituko du, AURRETIKO HITZORDUA atalaren bidez. Atal horretan, lehen mailako arretako langileekin kontsulta egiteko edo txertaketarako hitzordua hartzen da. Orain, PROBA DIAGNOSTIKORAKO hitzordua eskatzeko aukera ere izango dute.

 

Amaitzeko, Sagarduik esan du EAEko egoera epidemiologikoa ez dela ona eta, hori dela eta, edozein motibo tarteko, oraindik txertoa hartu ez dutenak hartzera animatu ditu. “Osakidetzak zabalik jarraitzen du oraindik txertoa hartu ez dutenentzat. Mesedez, sasoiz zaudete: txertoa jarri!”, azpimarratu du.