Osasun Sailak herritarrei gogoratzen die txertaketa-pauta osatzearen garrantzia covid-19ari aurre egiteko

2022-07-15

Errefortzuko dosia (hirugarrena) hartzeko hitzordua, Osakidetzan aurretiko hitzordua hartzeko ohiko bideetatik har daiteke

 

 

Osasun Sailak berretsi du COVID-19aren aurkako txertoa hartzearen garrantzia, kutsatzeko arriskua handia den garai hauetan. Euskadiko txertaketa-indize handiari esker, birusari aurre egin ahal izan zaio eta gaixotasuna aurreko olatuetan bezain indartsu ez garatzea lortu da. Horregatik, Osasun Sailak biztanleriari gogoratzen dio Osakidetzak txertoak eskaintzen jarraitzen duela, eta berresten du garrantzizkoa dela txertaketa-pauta osatzea errefortzuko dosiarekin.

 

Era berean, adierazi du garrantzizkoa dela zuhurrak izaten jarraitzea, bereziki kolektibo zaurgarrien kasuan –60 urtetik gorakoak, immunodepresioa eragiten duten gaixotasunak dituztenak eta haurdun dauden emakumeak–, eta gomendatutako prebentziozko neurriak hartzea, hau da, jende asko dagoen lekuetan maskara erabiltzea, eskuak sarri garbitzea, gaizki aireztatutako leku itxiak saihestea eta gaixotasun larri horretatik babesteko txertaketa-pauta osoa izatea.

 

Birusaren zirkulazioa mugatzeko, garrantzizkoa da COVIDarekin bateragarriak diren sintomak dituzten edo diagnostiko positiboa duten pertsonek egungo gomendioak jarraitzea eta beti maskara erabiltzea beste pertsona batzuekin daudenean, interakzio sozialak murriztea eta pertsona zaurgarriekin ahal dela kontakturik ez izatea.

 

COVID-19ari dagokionez nola jokatu jakiteko informazio gehiago nahi izanez gero, Osasun Sailaren webgunea kontsulta daiteke.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailak 4