Osasun Sailak 25.000 euro bideratu ditu Espainiako Epidemiologia Elkartera, urteko 40. Biltzarra Euskadin egiteko (Gobernu Bilera 2022-7-5)

fotoconsejo.jpg

2022-07-05

Donostiak abuztuaren amaieran hartuko du Espainiako Epidemiologia Elkartearen urteko 40. Biltzarra. Leloa “XXI. mendeko erronkak” izango duen biltzarraren helburua biztanleriari eragiten dioten osasun-arazo nagusiak erakustea da. Osasun Sailak 25.000 euro jarri ditu abuztuaren 31n eta irailaren 1ean eta 2an egingo den foro zientifiko hori Euskadin egin dadin. 

Hiru egunetan epidemiologiaren eta osasun publikoaren arloko profesionalek biztanleriari eragiten dioten osasun-arazo nagusiak erakutsiko dituzte, eta egungo osasun-arazoak eta gizarteak aurre egin beharko dien gaixotasun emergenteak kontrolatzen laguntzeko epidemiologiak eskaintzen duen ezagutzaren garrantzia azalduko dute. Biltzarrean osasun-arazoen ikuspegi integrala eskaini nahi da eta, aldi berean, biztanlerian osasuna sustatzea eta gaixotasunari aurrea hartzea baldintzatu dezaketen faktore biologikoei, mentalei, ekonomikoei, sozialei edo hezkuntzarekin edo ingurumenarekin zerikusia duten faktoreei buruzko ezagutza azaldu nahi da.   

Osasun Sailaren ustez garrantzizkoa da ezagutza zientifiko horiek Euskadin hedatzea. Gainera, biltzarrean Euskadiko osasun publikoaren arloko profesional ugarik parte hartuko dute, horien artean Osasun Publikoaren Zuzendaritzako 40 profesionalek.

Laster emango da edukiei, mahai-inguruei eta ponentziei buruzko informazio gehiago.