Osakidetzaren Gurutzetako Unibertsitate-Ospitaleak irudi bidezko diagnostikoan azken teknologia erantsi du

2022-04-27

Makineria berriak 4,5 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa ekarri du, eta dagoeneko Araban eta Gipuzkoan ere jarduten du, Osakidetzaren ekipamendua berritzeko etengabeko prozesuaren barruan, diagnostikoaren kalitatea, osasun-emaitzak eta pazienteen segurtasuna hobetzeko

Osakidetzaren Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak azken belaunaldiko bi ekipamendu berri ditu: Positroi-emisio digitalen bidezko tomografia-aparatu bat (PET, ingelesezko sigletan) eta Gammakamera bat, irudi bidezko diagnostikoaren gaitasuna hobetzeko.

Osasuneko Sailburu Gotzone Sagardui Ospitaleko Medikuntza Nuklearreko Zerbitzuan izan da gaur goizean, Osakidetzako Zuzendari Nagusi Rosa Perezekin eta ESIko Zuzendari Kudeatzaile Mª Luz Marquesekin batera. Bertan jarri dute ekipamendu berri hori, 4,5 milioi eurotik gorako inbertsioa eginez.

Osasuneko Sailburuak adierazi duen bezala, Arabak eta Gipuzkoak dagoeneko baduten punta-puntako teknologia hori eskuratzea Osakidetzaren ekipamendua berritzeko etengabeko prozesuaren barruan kokatzen da, diagnostikoaren kalitatea, osasun-emaitzak eta pazienteen segurtasuna hobetzeko helburuarekin.

Medikuntza Nuklearreko Zerbitzuak hazkunde nabarmena izan du azken urteotan, eta batez ere paziente onkologikoak artatzen ditu. Horregatik, abangoardiako teknologia digitala izatea oso garrantzitsua da, gaixotasunaren diagnostiko zehatzagoa eta goiztiarragoa egiten laguntzen baitu.

Zehazki, PET digital berriak nabarmen hobetzen du lortutako irudiaren kalitatea, eta horrek aukera ematen du artatutako pertsonen patologia hobeto diagnostikatzeko. Aldi berean, injektatzen den erradiofarmakoaren jarduera % 50era murrizten du, eta horrek irradiazio txikiagoa eragiten du bai pazienteengan bai profesionalengan, probaren denborak murrizteaz gain, erabiltzaileen mesedetan.

Gammakamera, berriz, teknologia aurreratua da hautatutako miaketak egiteko, eta organo eta egitura anatomiko konplexuenei —hala nola bihotza, bizkarrezurra, pelbisa edo garuna— buruzko informazio zehatzagoa lortzeko aukera ematen du.