Osakidetzako bihotz-kirurgiari buruzko informazio-oharra

2022-11-07

Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 1 zenbakiko Epaitegiak Basurtuko bihotzeko kirurgiari lotutako kautelazko neurriei buruz emandako autoa dela-eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak azalpen hau eman nahi dute.

  • BAT Osakidetzako Bihotzeko Kirurgia ez da desagertuko, ezta itxiko ere. Osakidetzak Bihotzeko Kirurgiako zerbitzu berrantolatu bat izaten jarraituko du, bere kalitatea eta euskal herritarren osasun-emaitzak hobetzeko helburuz. Erabaki hori ebidentzia zientifikoan oinarritzen da, eta nazioartean dauden zerbitzu konplexuen kontzentrazioaren argudioek defendatzen dute.

 

  • BI – Osasun Sailak, Osakidetzako Zuzendaritzaren eskutik, urteak daramatza baliabideen gaineko hausnarketa eta plangintza egokia egiten, herritarrei ahalik eta laguntza onena eskaintzeko. Bihotzeko Kirurgia Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean kontzentratzea dela eta, bost urte baino gehiago izan da aztergai eta azken urte honetan hartu da erabakia, legez ezarritako prozedurari eta giza baliabideak antolatzeko izapideei jarraituz, mahai sektorialaren parte-hartzearekin.

 

  • HIRU – Osasun Saila eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusia harrituta daude epaitegiaren autoarekin. Lehenik eta behin, epaitegiak zerbitzu hori lekualdatzeko premiari buruzko funtsezko gaiak erabakitzeari ekin diolako (“Zalantzarik gabe, Basurtuko ospitaleko kirurgia-zerbitzua, bere eraginkortasunaren ikuspegitik baino, bere premiaren arabera hartu behar da kontuan eta, kasu honetan, aipatutako hiru arrazoiengatik, beharrezkoa dela ondorioztatu behar da kautelagatik”), kudeaketa asistentzialeko gai bat, hain zuzen ere Sailari eta Osakidetzari dagokiena, Euskadiko osasun-sistema osatzen duten zerbitzuen bidez osasun-prestazioa bermatzeko, botere betearazlearen eskumen esklusiboa baita. Bigarrenik, ezin delako errekurtsorik aurkeztu. Osasun Sailari entzun gabe hartu da ebazpena, eta hiru egun baino ez dira eman alegazioak aurkezteko. Horrek esan nahi du Euskal Osasun Zerbitzuak zerbitzu sanitarioak emateko duen interesa babesik gabe geratzen dela, eta horregatik hartu da erabaki hau.

 

  • LAUGARRENA – Osakidetzak alegazioak aurkeztuko ditu epaitegian, erabaki horren zergatia argudiatzeko eta hori lortzeko emandako pausoak azaltzeko, epaileak aintzat hartu arte. Argudio horiek ideia hauetan laburbil daitezke:

 

  • Bihotz-kirurgia behar duten biztanleek oso arreta zehatza behar dute, eta hori bermatuta dago eta hala izaten jarraituko du Osakidetzan.
  • Lanpostu bakar bat ere ez da geratuko zerbitzuen bat-egite horretatik kanpo. Denak hartuko dira kontuan.
  • Ebidentzia zientifikoaren arabera, konplexutasun handiko prozedurekin tratatu beharreko pazienteen bolumena zenbat eta handiagoa izan, orduan eta emaitza hobeak izango dira osasunean, eta konplikazio eta albo-ondorio txikiagoak. Osakidetzak zerbitzuen kontzentrazioaren hainbat adibide ditu, besteak beste:
    • Erredura Handien Unitate bakarra (Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea), Espainiako iparraldean zerbitzua ematen duena.
    • Gibeleko eta Giltzurruneko donazio eta transplanteko unitateak, Espainiako iparraldean zerbitzuak ematen dituztenak. (Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea) 
    • Hezur-muinaren donazio eta transplanteko unitatea (Donostiako Unibertsitate Ospitalea), Euskadi osoari zerbitzua ematen diona.
    • Begi-azaleraren berreraikuntza konplexuko erreferentzia-zentroa (CSUR). Keratoprotesia (Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean dago), Euskadi osoari laguntzeko.
    • Epilepsia errefraktarioko erreferentzia-zentroa (CSUR) (Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea), Euskadi osoari laguntza emateko.
    • Erretinako distrofia hereditarioetako erreferentziazko zentroa (CSUR) (Donostiako Unibertsitate Ospitalea), Euskadi osoari laguntza emateko.
    • CAR-T minbiziaren aurkako terapia berriak (Donostia Unibertsitate Ospitalea), Euskadi osoari laguntza emateko.