Osakidetzak, urriko nominan, lanbide-garapenari dagozkion 300 milioi euro inguru ordainduko ditu

2022-09-30

  • Gaur, Osakidetzaren web-orrian, 27.567 enplegatuk egiaztatutako lanbide-garapen mailaren arabera jasoko duten ordainsariaren behin betiko zerrenda argitaratuko da

 

  • Behin betiko esleipena argitaratzeak eta urriko nominan ordaintzeko agindua eman izanak erakusten dute Osasun Sailak eta Osakidetzak Mahai Sektorialean hartutako konpromisoa betetzen ari direla

 

  • Osasun Saila eta Osakidetza ziur daude sindikatuek etorkizunerako lanbide-karreraren eredu berria negoziatzeko hartu duten konpromisoa beteko dutela

Osakidetzak jarraitzen du lanbide-garapena aitortzeko prozesuan eta Mahai Sektorialean sindikatuekin hartutako akordioaren betearazpenean urratsak ematen. Datorren urrian, Osakidetzako 27.567 langilek hileko nominan haien lanbide-garapenari dagokion ordainketa izango dute; 300 milioi euro baino gehiagoko ordainketa egingo du. Gaur bertan, Osakidetzaren web-orrian, enplegatuek egiaztatutako lanbide-garapen mailaren arabera jasoko duten ordainsariaren behin betiko zerrenda argitaratuko da.

 

Osasuneko Sailburuak esan du urrats hori Osakidetza sindikatuekin adostutako akordioarekin duen konpromisoa betetzen ari delako beste erakusgarri bat dela. Gogorarazi du, era berean, Osakidetza sindikatuekin batera, araudi berri batean jasotzeko moduko lanbide-garapeneko eredu bat negoziatzen ari dela. Ziur nago, konpromisoa irmoa dela ikusita, bi aldeek akordioa betetzea bermatuko dutela eta osasun-zerbitzuen kudeaketa hobetzeko eta profesionalak motibatzeko jardungo dutela”, esan du Sailburuak.

 

 AKORDIOA BETETZEKO EMAN DIREN URRATSAK

 

  • Ekonomia eta Ogasun Sailak baimena eman zuen Osakidetzari dagokion aurrekontu-gaikuntzarako, lanbide-karreraren deialdi-prozedura hasteko, 2021eko uztailean mahai sektorialean adostutakoaren arabera.

 

  • 2022ko ekainaren 24an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpena argitaratu zen; haren bidez, eskabidea egiteko eskakizunak eta prozedura ezartzen dira.

 

  • Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 27tik uztailaren 22ra bitartean izan zen.

 

  • EHAAn lanbide-garapeneko mailen aitorpenen behin betiko esleipenari buruzko ebazpena argitaratuko da, 2022ko irailaren 30ean

 

  • Osakidetzak urriko nominan aparteko deialdi honi dagokion lanbide-garapena ordainduko du.

 

  • Lanbide-garapeneko eredu berri bat diseinatzea. (Negoziazio-mahaian)