Osakidetzak Bermeoko Osasun-Zentroa zaharberritu du

2022-10-20

171.000 euro inguru inbertitu dira administrazio-arloa eta pediatria-gunea modernizatzen, herritarrei arreta-eredu hurbilagoa, integralagoa eta pertsonalizatuagoa zabaltzen jarraitzeko

 

Administrazio-arloen egitura berriaren bidez, Osakidetzak taldeko lanean oinarritzen den arreta sendotzea du helburu, Lehen Mailako Arretako profesional bakoitzak herritarren premiei erantzun eta konpondu ahal izateko

 

 

Bermeok, aste honetatik aurrera, osasun-zentro berritua du. Osakidetzak 171.000 euro inbertitu ditu osasun-zentro hori modernizatzen, zehazki, pediatria-gunea eta administrazio-arloa. Hobekuntza horien helburua da inguruneak herritarren premia berrietara egokitzea, Lehen Mailako Arretako zentroak ingurune adeitsuago bilakatzea eta arreta hurbilagoan, integralagoan eta pertsonalizatuagoan sakontzea. Berrikuntza horiek guztiek erosotasun handiagoa ekarriko diete bermeotarrei eta Osakidetzako zentroan lan egiten duten profesionalei.

 

PEDIATRIA

 

Osasun Mentaleko kanpo-kontsultak Bermeoko ospitalera eraman dira, eta, espazio horretan, kontsulta pediatriko berriak egongo dira. Lehenengo solairuko gune oso bat berritu da eta espazio askoz ere atseginagoa eta lasaiagoa sortu da umeentzat eta haien familientzat. Pediatriako arloak administrazio-arretarako postu bat ere badu, kontsultaren ondoriozko kudeaketa guztiak arindu eta errazteko.

 

 

ADMINISTRAZIO-ARLOA – TALDEKO LANA

 

Osakidetza haren administrazio-arloen egitura-aldaketa bat egiten ari da, eta, besteak beste, Bermeoko osasun-zentroan zabaldu dira haiek lehendabizi. Arlo horiek berritzean, argiztapena, konfort akustikoa eta materialak hartu dira gogoan, ingurune atsegina, erosoa eta modernoa eskaintzeko. Helburu hori lortzeko, aldaketa nagusietako bat izan da ohiko erakusmahaien ordez mahaiko arreta-guneak jartzea; haien bidez, erabiltzailea eseri daiteke eta arreta humanoagoa eta pertsonalizatuagoa jaso dezake eta, konfidentzialtasuna berma daiteke. Era berean, call centereko eremu bat dago, arreta telefonikoa eta presentziala ahalik eta gehien bereizteko.

 

Haren diseinuak arreta-guneak eskariaren kudeaketa-ereduaren ondoriozko behar berrietara egokitzen ditu, alegia, Lehen Mailako Arreta eratzen duten profesionalen taldeko lanaren ondoriozkoetara. Hau da, Osakidetzak herritarren beharrak identifikatu eta haiei erantzuteko profesional egokienera orientatuko ditu; horretarako, profesional bakoitzak, administrazio-arloetan lan egiten dutenek barne, herritarrei kalitateko arreta eskaintzeko gaitasuna izan behar du.

 

Osakidetzak nabarmentzen du administrazio-arloek erabiltzaileentzako bitartekaritzarako eta bideratzeko eginkizuna dutela; izan ere, izapide posible guztiak ebazten dituzte eta eskariak dagokien zerbitzura bideratzen dituzte, eta, hala, erantzun eraginkorra ematen dute, arreta integratua eta etengabea izateko.

 

ADMINISTRAZIO-ARLOKO LANGILEAK: ZERTAN LAGUNDU DIEZAZUKETE?

 

  • Hitzorduak kudeatzen, zure beharraren arabera. Behar duzuna zehazten badiezu, erraztu egingo diezu lana eta zure egoerari erantzun bat ematen lagunduko dizute.
  • Zure kontsultak eta probak tramitatzen dituzte, bai osasun-zentroan bai erreferentziazko ospitalean.
  • Osasun-arreta eta -zerbitzuekin lotuta behar duzun guztiaren berri eman diezazukete, bai eta zuri dagokizun zentroan edo erkidegoan garatzen diren osasun-programen berri ere.
  • Beharrezko izan ditzakezun administrazio-izapideetarako bide ematen dizute (laneko baja edo alten parteekin, medikazioarekin, bolanteekin, osasun-txartelarekin edo osasun-karpetarekin zerikusia dutenak).
  • Helarazi nahi dizkizugun iradokizun edo erreklamazioak batuko dizkizute.

 

 

BERMEOKO OSASUN-ZENTROAREN EZAUGARRIAK

 

Bermeoko osasun-zentroan egingo den obra hori Lehen Mailako Arretarako Azpiegiturak Zaharberritzeko Planean dago aurreikusita; 2021etik, Osakidetza osoan, 14 milioi euro baino gehiago inbertitu dira osasun-zentroak modernizatzen eta ekipamendu berriak eraikitzen.

 

Bermeoko Lehen Mailako Arretarako Unitateak (Bermeo, Mundaka eta Sukarrieta) zonako 19.004 pertsonari eskaintzen die arreta. Zentroak  1.784 metro koadro erabilgarri ditu, guztira, 3 solairutan banatuta. Bertan, honako zerbitzu hauek daude: Erizaintza, Pediatria eta Familia Medikuntza Lehen Mailako Arretan, eta Ginekologiako kontsulta bat, Arreta Espezializatuan. Azken 12 hilotan, 142.561 kontsultari eman zaie arreta (76.159 medikoak, 9.960 pediatriakoak, 49.478 erizaintzakoak, 4.862 emaginarenak eta 2.102 ginekologiakoak).