Osakidetzak ateak ireki dizkio espezialisten belaunaldi berriari, egoiliar izateko prestakuntza emango dien zentroa aukeratzen laguntzeko

2022-03-20

Aurten, Euskadik osasun-prestakuntza espezializatuko 492 plaza eskaintzen ditu; sekula egin duen eskaintza zabalena

 

Osakidetzak, aurten ere, ateak zabaltzeko egunak jarriko ditu martxan; haien bidez, Medikuntzako edo Erizaintzako 500 ikasle inguruk aukera izango dute EAEn dauden 17 irakaskuntza-zentroak ezagutzeko. Gazte horiek osasun-prestakuntza espezializatuan sartzeko probak gainditu zituzten, eta, aste honetatik apirilaren 5era arte, egoiliar gisa prestakuntza jasotzen jarraitzeko zentroak ezagutuko dituzte zuzenean.

Zehazki, honako hauek:

  • Zazpi ospitale-zentro: Arabako Unibertsitate Ospitalea, Basurtuko Unibertsitate Ospitalea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea, Donostiako Unibertsitate Ospitalea, Galdakao-Usansolo Ospitalea, San Eloy Ospitalea eta Onkologikoa Fundazioa.
  • Autonomia-erkidegoaren mailan dabiltzan bi irakaskuntza-unitate: EAEko Lan Osasuneko Lanbide Anitzeko Irakaskuntza Unitatea eta EAEko Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko Irakaskuntza Unitatea.
  • Lurralde historikoaren mailan dabiltzan lanbide anitzeko lau irakaskuntza-unitate: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Familia eta Komunitateko Arretarako Lanbide Anitzeko Irakaskuntza Unitateak eta Bizkaiko Osasun Mentalaren Sareko Lanbide Anitzeko Irakaskuntza Unitatea
  • Erizain espezialistentzako hiru irakaskuntza-unitate: Osakidetzako Osasun Mentaleko Erizaintzako Irakaskuntza Unitatea, EAEko Eritzaintza Obstetriko-Ginekologikoko Irakaskuntza Unitatea eta Matía Fundazioaren Erizaintza Geriatrikoko Irakaskuntza Unitatea.
  • Azkenik, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren Lege eta Auzitegi Medikuntzako Irakaskuntza Unitatea, behin-behinean egiaztatua.

 

 

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko Sailburuak gogorarazi du Osasun Sailak sekula egin duen plazen eskaintza handiena egin duela; 492 plaza, guztira, duela 7 urte baino ez eginiko eskaintza baino % 60 handiagoa. Horrek erakusten du Osasun Sailak zenbait erronkari –hala nola lanbide-erreleboari edo Lehen Mailako Arreta sendotzeari– aurre egiteko beharrarekin duen konpromisoa.  

 

Gaur egun, 1.500 pertsona inguru daude EAEn osasun-prestakuntza espezializatuan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 10 urte baino gehiago daramatza urtero galdetegi bat egiten prestakuntza jasotzen ari diren pertsonei, eta emaitzek erakusten dute jasotako prestakuntzarekin duten gogobetetasun-maila altua dela.

 

Hori guztia aintzat hartuta, EAE espezialista gisa prestakuntza jasotzeko prestigiodun autonomia-erkidegoa da.

 

2020tik gertatzen den bezala, osasun-egoera dela eta, ateak zabaltzeko jardunaldi gehienak telematikoki egingo dira, streaming bidez. Zentro bakoitzean (bai ospitaleak, bai osasun-zentroak) ateak zabaltzeko egunak hemen kontsulta daitezke.