Osakidetza Ordiziako osasun-zentroa handitzeko obrekin hasiko da, datorren martxoaren 28an

2022-03-24

Obrak 1,7 milioi euroko aurrekontua du, eta 12 hilabete iraungo du

 

Osasun-zentroaren jarduerak normaltasun osoz jarraituko du obrek iraun bitartean, aldameneko plazan egokitu diren moduluei esker


Osakidetza Ordiziako osasun-zentroa handitzeko obrekin hasiko da, martxoaren 28an, herritarrei ekipamendu zabalagoa eta modernoagoa emateko eta, hala, azken urteotan nabarmen hazi den biztanleriari osasun-arretako premiei erantzun ahal izateko. Osasun-zentroa Goierri Urola Garaiko ESIari dagokio, eta Etxezarreta kaleko 11. zenbakian dago; higiezineko beheko solairuak eta sotoa hartzen ditu, eta, Ordiziako udalerriari ez ezik, mugakide diren Itsasondo eta Zaldibia udal-mugarteei ere ematen die zerbitzu.

 

Zentroa handitzean, osasun-zentroak Familia Medikuntzako 9 kontsulta, Erizaintzako 9, Pediatriako 2, Erizaintza pediatrikoko 2, emaginaren kontsulta eta beste zerbitzu batzuk izango ditu, hala nola botikina, sendaketa-gela eta odola ateratzeko gela, liburutegia, gimnasioa edo larrialdietako gela bat.

 

Zentroa handitzean, ezarritako ordutegi-tarteetan asistentzia-babesa handitzeaz gainera, denbora gehiago eskaini ahalko zaie beste eginkizun batzuei, besteak beste: txertaketa edo jarduera komunitarioa, nagusiki herritarrek haien osasuna hobeto zaindu ahal izateko ohiturak eskuratzera bideratzen dena.

 

Ordiziako Udalak osasun-zentroaren azpian dauden lokalak laga izanak aukera eman du zentroa handitzeko lana egiteko; obrak 1,7 milioi euroko aurrekontua du, eta 12 hiletan amaitzeko epea aurreikusten da. Obrak bi fasetan egingo dira: lehen faseak lau hilabete iraungo du, eta bigarrenak, 8 hilabete. Asistentzia-jarduera ez da etengo; izan ere, modulu batzuk gaitu dira aldameneko plazan, obrak iraun bitartean asistentzia eskaintzeko.

 

Ordiziako osasun-zentroa handitzeko lanaren bidez, beste urrats bat gehiago eman da Lehen Mailako Arreta sendotzeko helburuan; hura herritarrak osasun-sistemara sartzeko atea da, eta, zalantzarik gabe, Osakidetzaren eta Osasun Sailaren lehentasunetako bat.