OSAKIDETZA, DATORREN ASTEAN, ZALLAN ESPEZIALITATEN GUNE BERRIA ERAIKITZEKO LANEKIN HASIKO DA

2022-05-13

13,8 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da, eta30.000 pertsona ingururi emango dizkie zerbitzu eta etengabeko arreta.

 

Obrarako epea 2 urtekoa izango da, eta “beste aurrerapauso bat gehiago ekarriko du osasungintza-sistema publikoaren zuzentasunean eta irisgarritasunean Zallako eta Enkarterrietako bizilagunentzat”, Sagardui Osasuneko Sailburuak esan duenez.

 

Osakidetza, datorren astean, Zallan espezialitateen gune berria eraikitzeko lanekin hasiko da. Osasun Sailak eta Osakidetzak Bizkaiko osasun-azpiegitura berri horretara 13.861.887,57 euroko inbertsioa bideratuko dute; haren bidez, 30.000 pertsona baino gehiagori emango zaie arreta.

 

Eraikin berriak 7.856 m2-ko azalera eraikia izango du, eta gaur egungoa ordezkatuko du; gaur egungoak 750 m2 eraiki inguruko azalera du. Espazioaz gainera, azpiegitura Zallako tren-geltokiaren alboan egoteak irisgarritasun hobea eskainiko die herritarrei. Horrek funtsezko hobekuntza ekarriko du bai egungo asistentzia-arretaren baldintzetan, bai profesionalen lan-baldintzetan.

 

 

Zallako espezialitateen gune berriak hiru solairu izango ditu, eta, haietan, herritarrentzako zenbait espazio, familia-medikuntzako eta erizaintzako kontsultak, errehabilitazio-zerbitzuak, osasun mentaleko zerbitzua eta beste zenbait zerbitzu izango dira –endokrinologia, kardiologia, urologia…–. Eraikina, era berean, etengabeko arretarako gune izango da.

 

Zentro berriak egungoa ordezkatuko du; gaur egungoa udalerriko Euskadi plazan dago, eta 750 m2 eraiki inguruko azalera du.

 

Osasun-zentro berri hori eraikitzea, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuaren iritziz, beste urrats bat gehiago da Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak osasungintza-sistema “publiko, unibertsal eta kalitatezkoarekin” duen konpromisoan. Azpiegiturak modernizatzean, arretaren kalitatea hobetzen da, eta, hala, osasungintza-sistemaren zuzentasuna eta irisgarritasuna ere bai.