ORP Nazioarteko 23. Kongresua egingo da Bilbon

Osalanen kongresua amaitu eta berehala, 30. urteurrena dela eta

Lan eta Gizarte Segurantza sailburuorde Elena Pérezek iragarri du, ORPren Nazioarteko 22. Kongresuaren (OccupationalRiskPrevention) amaiera ekitaldian, Cartagena de Indiasen, datorren urteko Fundazioaren Biltzarra –edizio honetan 1.500 parte-hartzaile baino gehiago eta beste hainbeste birtualak bildu dituena- Bilbon ospatuko dela.


"Jakinarazi nahi dizuet ORPri eskaini diogula datorren urtean 23. biltzarra egitea Euskadin, Bilbon, OSALAN Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen sorreraren 30. urteurrenarekin eta Laneko Segurtasun eta Osasunaren Munduko Egunarekin bat eginez", esan du Elena Pérezek.


Era berean, sailburuordeak jakinarazi du OSALANek bere kongresua antolatuko duela apirilaren 24an eta 25ean, eta, jakina, kongresu horretan parte hartzera animatzeko aprobetxatu du. “Kongresu horrekin berehala egingo den ORPren Kongresurako motorrak berotuko ditugu, 26., 27. eta 28. egunetan. Horrenbestez, arriskuen prebentzioari buruzko benetako astea osatuko dugu, erakunde seguruak, osasungarriak, jasangarriak eta aipagarriak lortzeko”.


Bestalde, atzo emandako hitzaldian, OSALANeko zuzendari nagusiak, Lourdes Íscarrek, 2021-2026 Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategia aurkeztu zuen, eta administrazioentzat eta Jaurlaritzarentzat konpromisoak ezartzen dituen heinean duen garrantzia azpimarratu zuen; eta, horretarako, enpresa-erakundeen, sindikatuen, prebentzio-zerbitzuen eta -erakundeen eta langileen parte-hartzea behar dela, lan-arriskuen prebentzioan parte hartzen duten eragile guztien integrazioa sustatuz.


“Hori guztia, laneko arriskuen prebentzioa hobetzen eta langileen osasuna babesten lagunduko duten ekintzak planifikatzeko”, esanez amaitu du.